Jasotako datuen arabera, Ibiurko gehieneko ur kopurua 8 hektometro kubiko dira, baina 2013an 11 hektometro kubiko izan zituen, eta 2014an 10. Zer dela eta? Datu horiek ez dira zuzenak?
Datu horiek ezin dira zuzenak izan, Ibiur urtegiak 7,6 hektometroko eduki gaitasuna baitu. Izatez, urtegiak duen gehienezko edukia, presak daukan gainezkabideko kotak ezartzen du. Horrela, eurite baten ondoren urtegiaren gaitasuna gainditzean, gainontzeko ura gainezkabidetik irtengo litzateke errekara, gehiengo maila horri eutsiz. Eurite batek ur gehiegi elkartzerakoan, gainezkabideak gai ez badira kota bere mailan eusteko, hustubide balbulak eragin beharko genituzke, kota hori beti bere mailan mantentzeko. Beraz, urtegiaren gaitasunak balio finko horri eutsi behar dio.
Nola kontrolatzen da betetze maila hori? Zer egiten duzue?
Betetze maila kontrolatzeko, presan bertan daukagun neurgailuaren bitartez azaleraren kota jarraian neurtzen dugu, eguneroko erregistroa telematiko eramanez, haren aldaketa grafikoki monitorizatzeko.
Zein da 10 urte hauetako balorazioa? 56.078 biztanleri ura hornitzeko sortu zen, bete da helburu hori?
Gaur egun urtegiak hornitutako biztanleria kopuru horretara nahiko zehatz hurbiltzen da.
Zer lan egin behar dira urtegia modu egokian mantentzeko? Eta zein kostu du horrek?
Presa batek duen funtzio garrantzitsuena ura eustea izanik, oso lan estatikoa egiten du. Lan hori, presaren hormaren esku dagoenez, bere egiturazko gaitasuna kontrolatzen dugu, hainbat neurgailuen bitartez. Hori da mantenu lanik nabarmenena. Beste lan aipagarriak, noski, ura hornitzeko edota hustubideetako hodien eta balbulen mantenua eta urtegi osoaren inguru dagoen bidearen mantenua izango litzateke.
Kostuen aldetik, urtegi bat luze irauteko azpiegitura izanik, aipatutako lanek ez dute eskulan eta material aldetik gehiegirik eskatzen. Halako azpiegiturek, behin hamarkada batzuen zehar lan egin ondoren, posible litzateke mantenu lan bereziak behar izatea presaren funtzioa behar den moduan mantentzeko eta lan horien kostua aipagarria izatea estimatzen dugu. Ibiurreko kasuan, oso presa gaztea izanik, oraindik mantenu kostuak baxuak dira.
Badira urteak, urtegiaren aisialdiari begirako erabilpenari buruz hitz egin zela, gaur egun ez da posible, baina aukeretako bat al da etorkizunean aisialdirako erabilpenen bat ematea? Hala balitz, zein izango daiteke?
Urtegiaren jabetza Kantauriko Ur Konfederazioaren esku dago, Gipuzkoako Urak urtegiaren emakida izanik bereziki Tolosaldean uraren hornidura bideratzeko.
Konfederazioak urtegiaren funtzioa ur hornidura izanik, aisialdirako ekintzak debekatzen ditu. Etorkizuneko erabilpenak haien esku geratuko lirateke.