«Garrantzitsuena jendea mozorrotzea da: hori da gakoa»

Josu Ozaita 2018ko urr. 30a, 08:00

Gau Beltzaren antolakuntza taldeko zenbait kidek festaren gorabeheren berri eman dute. Iker Olanok (Baliarrain, 2006), Kattalin Urkiolak (Baliarrain, 2006), Sara Irastorzak (Baliarrain, 2006) eta Antton Olaberriak (Baliarrain, 2007) xehetasunak eskaini dituzte.

Nola izan da antolaketa prozesua?
Iker Olano. Herriko antropologoak aurkezpena egin zigun, beste herrietako esperientziak ezagutu genituen, eta gustatu egin zitzaigun.
Sara Irastortza. Animatu egin ginen.

Halloween ospatu duzue inoiz?
Kattalin Urkiola. Ez genuen uste Baliarrainen ospatuko genuenik, nahiz eta beste herritan ospatzen den, Ikaztegietan esaterako. Hala ere, hau ez da Halloween.

Zein desberdintasun daude Halloween eta Gau Beltzaren artean?
I.O. Gau Beltza hemengoa da.
S.I. Halloween da goxokiak eskatu eta kito, eta Gau Beltzak, aldiz, gauza gehiago ditu, festa handiagoa da. Afaria...
K.U. Eske erronda edo puska biltzea, beldurrak sutara bota, beldurraren ibilbidea...

Zer iruditu zaizue ideia?
S.I. Ederra!
Antton Olaberria. Ona, ideia ona da.
K.U. Oso polita, egia esan.

Nola sentitu zineten?
K.U. Pozik! Ideia ona iruditu zitzaidan.

Egitaraua elkarrekin egin duzue helduekin. Zer azpimarratuko zenukete?
A.O. Afaria eta beldur ibilbidea.
I.O. Hori da gakoa.
K.U. Afarirako gauzak eskatzea ideia ona izan da.

Zer diote gurasoek?
S.I. Gustatu zaie, ideia ona dela diote.

Nola parte hartuko dute helduek?
S.I. Guk beraiek ere ospatzea nahi dugu, haiek ere mozorrotzea.
K.U. Mozorrotzera animatu nahi ditugu.

Zer egin duzue zabaltzeko?
S.I. Bideoak egin ditugu, antzerki moduko batekin nolakoa den festa adierazten dugu.
A.O. Oso dibertigarria izan da bideoak egitea, arratsalde polita igaro genuen.

Nork egiten du zer?
S.I. Guraso elkartekoekin bilera egin genuen eta lanak banatu genituen. Gauza batzuk beraiek antolatuko dituzte, eta beste batzuk guk.

Nolakoa espero duzue festa?
I.O. Jendea mozorrotzea da garrantzitsuena, hori da oinarria. Ez bada jende asko mozorrotzen, festak asko galduko du.
K.U. Grazia galduko du. Lehen urtea izanda, nire ustez sorpresa hartuko dute eta animatzeko deialdia egiten dugu.

Tolosaldeko lehen Gau Beltza da.
S.I. Baliarrain nahiz eta herri txikia izan, festa antolatzeko gai da.

Erlazionatuak

Lehenengo Gau Beltza

Josu Ozaita 2018 urr 30 Baliarrain

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!