Lehenengo Gau Beltza

Josu Ozaita 2018ko urr. 30a, 08:00

Baliarrainen Gau Beltza antolatu dute lehenengo aldiz bihar iluntzerako; hainbat osagai izango ditu: kalabazak, mozorroak, puska biltzea, afaria, beldurrezko ibilbidea...

Iluntasuna, beldurra eta heriotzaren garaia dela eta, Baliarraingo guraso elkarteak eta herriko haur eta gazte talde batek lehenengo aldiz Gau Beltza antolatu dute. Gaur kalabaza tailerra egingo dute eta festa bihar egingo da, hainbat osagairekin, interesgarriak oso: kalabazekin jolastu, etxeko gauzekin mozorrotu, etxeetan emandakoarekin afaldu, sustoan bizi, iluntasuna sentitu, goxokiak jan… eta denak batera bildu, «askotan festa egiteko ez delako diru askorik behar», esan dute antolatzaileek.

Bihar ospatuko den festara gonbidatuta dago herri guztia, haur, heldu nahiz adineko. Hori bai, antolakuntzatik hainbat ohar zabaldu dituzte. Mozorroari dagokionez, etxean dauden gauzekin egin behar da, imajinazioa erabilita. «Moztu arropak, sortu, aurpegia margotu... nahi duzuena eskura duzuenarekin», azaldu dute.

Puska biltzea egingo dute eta ondorengo jakiak eskatzen dituzte, «jada prestatuta ahal bada»: txistorra, solomoa, odolkia, saiheskia, urdaia, bakailaoa, pintxoak, ogia, tortillak, taloak, sagarrak, intxaurrak, sagardoa, turroiak, pastak, etxeko tartak... Goxokiak ere bilduko dituzte: poltsakoak eta gomazkoak, freskagarriak... Puska biltzen bere etxe edo baserrira joatea nahi duenak, antolakuntzako kideekin harremanetan jartzea komeni dela gaineratu dute. Azkenik, beldur ibilbideari parte hartzea edo ez «gurasoek eta haurrek erabaki» behar dutela diote antolakuntzatik, «zeren benetan beldurgarria izango da».

ZER PENTSATUA EMATEN DUENA

Gau Beltza ez da lehengo tradizioa. Tradizio berria da, gaurkoa, baina hainbat erritu eta ohitura interesgarri edo baliagarri hartzen dituena bere barruan. Ospakizun horretan hainbat keinu daude: kalabaza jolaserako eta beldur eragile, iluntasunaren eragina sentitzen da, edota Euskal Herrian zabaldua izan zen puska biltzea berreskuratzen da.

Herriko adinekoak diotenarekin, eta orain sorturiko jaiaren ezaugarriekin, antzekotasunak daude: «Ezer gutxirekin festa egitea. Mozorrotu eta jada festa sortzea». Mozorroak jolasa sortzen du, eta norberaren beldurren inguruan pentsatzen da, heriotzarekin festaren bitartez erlazionatuz. Antolakuntzakoek diotenez, «osagai oso interesgarriak ditu jaiak: basoko fruituak biltzen dira, eta etxez etxe eskatutako janaria komunitateak batera afaltzen du. Denek zerbait jarrita jango dute denek, eta baita herriko etxeen izenak ikasi ere».

Ez du aurrekonturik Gau Beltzak, herritik herriarentzat egindako festa delako, eta askotan, festa horiek dira hoberenak. Jai berezia da, Tolosaldean ospatuko den lehena, nahiz eta beste herri batzuetan jada ospatzen duten. Kohesio soziala gertatzen da bertan, guztiak batera elkarrekin festa egitean, eta batez ere, herri harrotasuna elikatzen da. Haurrek, esaterako, eskolan kontatuko dute bere herrian Gau Beltza ospatuko dutela.

Baina festa horretako gauzarik bereziena haur eta gazteek duten protagonismoa da. «Beraiek izan dira agente eta eragile garrantzitsu, beraiek pisu esanguratsua izan dute antolakuntzan, heldu bat baino gehiago aho bete hortz utziaz», zehaztu dute.

HERRIKO ADINEKOEN ISTORIOAK

Baliarrainen ere istorioak badaude heriotza eta beldurraren inguruan. Polita izan da, astearteko adinekoen bilkurara joan eta garai bateko kontakizunak entzutea. Bertan, beldurrezko istorio eta ipuinak entzun zituzten 2016. urteko udazkenean. Oso aberasgarria izan zen, eta asko ikasi zuten: Etsaia, Murumendiko Dama, Sacamantecas (errai ateratzailea), Ordiziako Traperoa, otsoa... Baziren pertsonaiak orduan ere. Elizak indar handia omen zuen duela hamarkada ez gutxi, eta oso gaizki ikusia zegoen mezetara ez joatea. Santu Guztien egunean meza omen zen, baina ez gaurko lore jartze eta otordu berezirik. Helduekin gai interesgarri asko hitz egin badaitezke ere, bertan bildutakoei kalabazen istorioak eta bestelako kontakizunak interesatzen zitzaizkien orduan, eta horretaz aritu ziren.

Iluntasuna ekarri zuten gogora, izan ere, duela hamarkada batzuk, ez zen gaurko autorik. Plazan farolaren bat, eta listo. Oinez etxera, iluntasunean, petroliozko lanpara eskuan joaten ziren. Etxean ere, askotan pare bat bonbilla, sukaldean eta ukuiluan. Logelan ganderailua soilik. Etxera kandela edo petroliozko lanparekin joaten ziren. Beldurra sentitzen zen.

Kalabaza hustu eta barruan argiak jartzearena ez zen ohikoa, baina inoiz ikusi zuten herrian, udazkeneko edozein iluntzetako iluntasunean: herri inguruan jarri izan zituenik bazen tertulian. Arbiak jartzen zituen, kalabazarik ez zen askorik eta.

Beldurra oso presente zegoen orduan. Beldurra etxean, edo irakasleari edo apaizari. Kanposantuari beldurra zioten, han arimak eta hildakoak egoten zirelako: «Nahiko debekatua! Beldurra latza! Esaten zigunarekin eta, kanposantua sakratua zela, izpirituak han egoten zirela, eta hildakok han egoten zirela, eta aditu egiten zutela eta. Gainera, bagenekien hildakoak hara eramaten zituztela, eta horrek ematen zuen halako zera bat…».

EGITARAUA

Urriak 30, gaur

17:30. Kalabaza tailerra: norberak eraman behar du kalabaza, kutxara, labana eta kandela.

Urriak 31, bihar

Gau Beltza

18:00. Gaztaina jatea eta bilkura egingo da plazan. Ondoren, kalabazak jartzea.

19:00. Herriko argien itzaltzea. Ondoren beldurren erretzea: papertxoan idatzi eta sutara bota. Kanpai soinuak, eta gero puska biltzea edo eske erronda etxez etxe koipezko lanparekin.

21:00. Afaria elkartean puska biltzean jasotakoarekin. Herritar guztiak gonbidatuta daude. Baldintza bakarra, mozorrotuta egotea.

23:30. Beldur ibilbidea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!