Bidania-Goiatzen eta Alegian ez ezik, Asteasun ere azoka eguna izan dute gaur. Elikagai eta artisautza postu ugari egon dira plazan eta pilotalekuan, baina ganadua ere izan da plaza ondoko zelaian. Bertaratu direnek mokadu baterako aukera ere izan dute; jateko txekor-erre pintxoak eta taloak banatu dituzte, eta tragoa hartzeko barra ere jarri dute.
Eskaintza horren artean ATARIAko material berria erosteko aukera izan da. Julen Madariaga Murua ilustratzaile altzotarrak sortu du ATARIAko tote zorro, agenda eta katilu berrietako irudia. Izan ere, eskualdeko sortzaileen lana aintzat hartzeko helburuari eutsiz, oraingoan ere eskualdeko sortzaile batengana jo du ATARIAk material berriaren irudia diseinatzeko. Aurten gainera, haurrei zuzendutako produktuak ere kaleratu ditu. Horiek guztiak, ATARIAren Tolosako egoitzan (San Esteban auzoa, 20) ere erosi daitezke.
LEHIAKETAK
Giroa eta animazioak ez du hutsik egin goiz osoan Asteasun, hainbat jarduera izan baitira; herriko kalabazen erakusketa, garai bateko baserrietako materialena, perratzaileen lanak eta haurrentzako asto ibilaldiak egin dira, besteak beste. Eta lehiaketek ere ez dute hutsik egin aurtengo egitarauan.
Aurten, Izaro Soraluze herritarraren arroz esnea izan da irabazlea, eta gehien pisatzen zuen kalabazak ere izan du saria. Hori izan da Intxusa, 40,5 kiloko pisuarekin. Asto erakustaldia eta asto ederrenen epaia ere eman dute gaurkoan. 3 urtetik gorako asto irabazlea Aizarnako Argi izan da, Mikel Gonzalezena, eta bigarren postuan, berriz, Azpeitiako Ignazi astoa geratu da, Unai Orbegozorena. 3 urtetik beherakoetan, berriz, Nekanek irabazi du, hau ere Unai Orbegozorena. Bigarren sailkatua Errezilgo Lorea izan da, Maria Jesus Galarragarena.
Jai eguna amaitzeko, 18:30etatik aurrera, Jone Uria eta Julene Otegi trikitilariak arituko dira erromeria eskaintzen.