Julen Madariaga Murua (Altzo, 2002) ilustratzaileak sortu du ATARIAko tote zorrorako, agendarako eta katilurako irudi berria. Gaur egun Madrilen bizi da, diseinu grafikoa ikasten.
ATARIAk kaleratu duen materialerako ilustrazioa egin duzu. Zer iruditu zitzaizun enkargua?
Hasieratik oso gogotsu nengoen ATARIArekin zerbait egiteko. Ez da lehenengo aldia, eta beti izan ditut esperientzia oso onak, beti askatasun handiarekin egin dut lan. Kasu honetan ere horrela izan da, niretzat proposamen oso polita izan da, hasieratik.
Hortik aurrera nola hasi zinen sortzen?
ATARIAko lantaldeak aurkeztu zidan ideia, eta aurreko marrazkia nolakoa izan zen erakutsi zidan. Erabat nire esku utzi zuen marrazki berria nola eta zeri buruz egin, beti gogoan izanik zer den ATARIA. Nik ezagutzen dut ATARIA eta bertako taldea; honela, ikusi nuen nigan konfiantza zutela. ATARIAko logotipotik abiatu nintzen, eta badakit nolakoa den bulegoa eta ingurunea. Hortik abiatuta hasi nintzen marrazkiak egiten.
Bide batez, nola ekiten diezu sortze prozesuei?
Marrazki pertsonalak direnean, hau da, neure buruarentzat ari naizenean, agian kaotikoagoa izaten da. Ideia batekin hasten naiz, baina aspertzen banaiz beste batera jotzen dut. Baliteke ideia oso garbi bat burura etortzea eta hiru ordutan dena bukatuta izatea. Normalean, enkargua denean, saiatzen naiz oso ondo entzuten bezeroak zer nahi duen. Kasu batzuetan zer nahi duten oso zehatz esaten dizute, eta kasu horiek azkarragoak izaten dira. ATARIAko kasuan nire proiektu pertsonalen antzerakoagoa izan zen. Bide asko zeuden irekita, eta nik bi modutara jo nuen: bat, nire estilora joz, eta, bestea, esperimentatuz. Bi aukerak erakutsi nizkion ATARIAko lantaldeari eta hortik aurrera elkarlanean jo genuen amaierako ilustraziora.
Nolakoa da sortu duzun ilustrazioa?
ATARIAko ataria azaltzea zen nire asmoa. Pentsatu nuen zein zen ingurua, zer elementu bururatzen zitzaizkidan lehen inpresio batetik, eta hortik atera zen bizikleta, atea, leihoa, landareak, bere bizikletarekin lanera iristen ari den pertsona hori, katua... Nire ustez katuak kalea irudikatzen du, eta komunikabideek kalearekin eta naturarekin lotura izaten dute. Eta iruditzen zait gaur egungo gauza bat dela, jende askori gustatzen zaizkiolako katuak. Niri, behintzat, gustatzen zaizkit. Etxe-aurre bat azaltzen da, eta bertan eguneroko elementuak: pertsona bat, bizikleta bat... Ez dago ezer arrarorik. Marrazkiak formatu karratu bat du, eta elementu horiek denak bertan sartuta daude, ia airerik utzi gabe.
Tote zorroan, agendan, katiluan nola geratzen da zure ilustrazioa?
Orain egun batzuk ikusi nituen eta ni oso gustura geratu naiz. Benetan gustatzen zait, eta ez nik egin dudalako. Beste norbaitek egin izan balu ere gustuko izango nuke.
ATARIA kanpoko norbaitek eman al dizu iritzirik?
Horrelako lan bat egiterakoan, saiatzen naiz jende gehiegiri ez erakusten; izan ere, artista bezala, nire irizpide propioa izatea garrantzitsua delako. Nire amari erakutsi nion, eta gustatu zitzaion, baina katua ez da bere animali gustukoena, eta horrek ez dakit grazia handirik egin zion (kar, kar).
Lan honek zure izena artista bezala zabaltzeko balio dezake?
Bai, noski. Horrelako aukera guztiak aprobetxatu behar direla uste dut, batez ere inguruan ditudanak. Pentsatzen dut badirela artistak beti kanpora begira bizi direnak. Nik ez dakit zer ideia nuen ilustrazioa bukatu nuenean, baina errealitatea izan da gertukoenek bezain ondo inork ez nauela tratatu, eta gertukoenek bezainbesteko aukera inork ez dizkidala eman. Ni pozik nago, Tolosaldean eta Euskal Herrian hobeto ezagutuko nautelako.
Madrilera joan berri zara, diseinu grafikoko ikasketak egitera.
Orain dela bi urte bukatu nituen Madrilen ilustrazioko ikasketak, eta orain itzuli naiz diseinu grafikoko ikasketak egitera. Biak osagarriak dira; ilustrazioa agian artistikoagoa da, eta diseinu grafikoa praktikoagoa. Behar hori sentitzen nuen: tresnak izatea lana praktikoagoa egiteko eta nire lana espazio gehiagotara moldatzeko.
Zergatik Madrilera?
Ilustrazioa ikasteko Madril edo Bartzelona aukeratu behar nuen, eta Madrilek atentzio gehiago sortzen zidan, agian nire erreferente propioengatik-edo. Hiru urte horietan oso esperientzia ona izan nuenez, diseinu grafikoa ikasteko leku gehiago izan arren, konfiantza nuen Madrilen esperientzia on bat izango nuela berriro. Ez nuke esango Madrilgo bizimodua Altzokoa bezain ona denik, baina esperientzia eta dibertsitate aldetik uste dut Madril oso ondo dagoela.
Madril eta Altzo guztiz ezberdinak dira.
Erabat ezberdinak dira bai. Astebete bakarrik daramat Madrilen, baina dena da ezberdina. Altzon gutxi izango gara, baina kalera aterata edozeinek ezagutzen nau eta edozeinekin hitz egin dezaket. Ikusia sentitzen zara. Madrilen, nahiz eta milaka pertsona izan inguruan, inork ez zaitu ezagutzen, inork ez dizu hitz egingo. Madrilen jendeak galdetzen dit ea nire herrian ez naizen bakarrik sentitzen, eta nik beti erantzuten dut askoz bakardade handiagoa sentitzen dela Madril bezalako leku batean. Hori ere ikasi behar da.
Zerk erakartzen zaitu bakoitzetik?
Ni oso altzotarra naiz... Familia oso handia dut Altzon, bai odolekoa bai zentzu askeagoa batean. Beti sentitu naiz babestuta, eta ez naiz herritar estereotipo hori, baina beti sentitu naiz oso ondo. Ingurua zoragarria da, inspiratuta sentitzen naiz. Nagoen lekuan nagoela, etxean sentitzen naiz. Eta Madrilek ez du zerikusirik. Madrilen bizi izan nintzenean, nire familia ere sortu nuen. Altzon nik sortu behar dut dena, eta Madrilen aurkitu ditzaket artistak, ikuskizunak, museoak, erakusketa pila bat, oso aldakorra da... Sorpresa elementu hori askoz presenteago dago Madril bezalako leku batean. Altzon egiten dira gauzak, eta ia ostiralero badago zerbait, baina oso ezberdina da. Madrilen eboluzio konstante baten nagoela sentitzen naiz, eta Altzora beti bueltatzen naiz ni zein naizen jakiteko.
Ikasteaz gain, lanean ere ari zara?
Oraingoz ez dut asmorik ilustratzaile bezala egiten ditudan lanak egiteari uzteko. Beraz, edozein enkargu jasotzen dudala, horrekin ariko naiz. Honen abantaila da ez dudala leku jakin batean egon beharrik. Ikasten jarraitu arren, enkarguak egiten jarraitzeko asmoa daukat.
Madrilen aukera gehiago duzu horretarako?
Aukera gehiago bai, baina baita konpetentzia gehiago ere. Altzon ilustratzaile gutxi daude, baina Madrilen pila bat. Euskal Herrian ingurukoek niregana jo izan dute. Madrilen ilustrazio bat nahi duen norbaitek ni bezalako hamar ezagutuko ditu, eta ez du beti nigana joko. Mugitzeko gogoa baduzu, lekuetara joan zaitezke eta jendearekin hitz egin dezakezu, proiektu asko sortu daitezke honela, eta zentzu horretan, hiri batek eskatzen dizu aktiboagoa izatea enkarguak lortzeko. Eta Altzon ordea, horrelakoak etorri egiten zaizkizu.
Ez da erraza izango ilustrazioaren eta diseinu grafikoaren munduan lekua egitea, ezta?
Nik uste dut faktore asko daudela. Ez da bakarrik zu artista ona izatea; ez dago soilik zure lanaren menpe, nor ezagutzen duzun, non bizi zaren, non ikasi duzun ere faktore garrantzitsuak dira. Bi pertsonen artean aukeratzeko garaian, harremanek aginduko dute askotan.
Sare sozialetan ere aritzen zara.
Saiatzen naiz batez ere Instagrameko kontua aktibo mantentzen, hortik ere sortzen direlako beste aukera batzuk. Lehen, denbora libre gehiago nuen eta saiatzen nintzen bi egunez behin zerbait igotzen. Orain, lasaiago nabil, gustatzen zaizkidan gauzak egitea, baina baita pentsatzea lan horretatik beste zerbait sortu daitekeela. Bi kontu dauzkat, eta horietako bat, @julen.mm, pixka bat baztertuta daukat. Orain batez ere @julenoodle izeneko kontua erabiltzen dut. Erreferentzi multzo bat da, txikitako marrazki bizidunak, orain gustatzen zaizkidan telebista saioak, Interneteko kultura... Denetarik.
Tik-Tokeko kontu bat badaukat, eta tarteka, bideoren bat igotzen dut. Oraingoz Instagramen zentratu naiz, badakit arriskutsua izan daitekeela, beste aukerarik gabe geratu naitekeelako. Orain hilabete batzuk serio hartzeko erabakia hartu nuen, eta gauza pila bat igo ditut;
egia esan ari da funtzionatzen, eta dezente hazi da @julenoodle.
Garrantzitsua da sare sozialetan egotea?
Ilustrazio hauek enpresek nahi dituzte zerbait saltzeko edo ideia bat transmititzeko. Azkenean, publiko zehatz bati zuzenduta dago; zu gai baldin bazara publikoa zure sare sozialetan mantentzeko, erakutsiko duzu interes bat badagoela, marrazki horiek funtzionatzen dutela. Mundu ideal batean ez genuke borrokan ibili beharko, baina sare sozialetako presentzia enpresa askorentzat oso garrantzitsua da. Beste batzuentzat ordea talentua nahikoa izango da. Hala ere, ez dut uste momentu honetan puntu horretan gaudenik.


