LABek esan du Aldi Baterako Erregulazioaren iraupena murriztea lortu duela

Ataria 2024ko abe. 18a, 13:07

Pasa den azaroan Asteasuko lantegian egindako elkarretaratzearen artxiboko irudia.

Jakin berri da Siemens Gamesak 423 langileri eragingo dien enplegua aldi baterako erregulatzeko espediente bat proposatu duela. Honen aurrean LAB sindikatuak esan du ABEEaren eragina murriztea eta enplegua defendatzeko neurriak lortu dituela.

LAB sindikatuak salatu du Siemens Gamesak negoziaketa talde mailan egin nahi izan duela, «Asteasuko langileen ordezkaritza disolbatua eta eragin mugatuarekin zegoen mahai negoziatzaile bat inposatuz». Horren aurrean, enpresak espediente «luze eta gogorra» nahi zuela esan du sindikatuak, eta «markoaren salaketaz gain, neurriaren eragina ahalik eta gehien murrizten» saiatu dela.

Zentzu horretan, Asteasun mobilizatzeaz gain, inposaturiko mahai negoziatzaile horretan euren baldintzak ezarri dituztela esan du eta bi zentzutan egin duela zehaztu du: «batetik, ABEEaren iraupena murriztu eta langileen lan baldintzen kaskartzeari mugak jartzeko eta, bestetik, epe luzeagora enplegua bermatuko duten konpromisoak exijituz».

Negoziaketa prozesua «neketsua eta zaila» izan dela esan du sindikatuak eta bi esparrutan «aurrerapen nabarmenak» dituen aurreakordioa lortu dutela. ABEEaren bi urteko hasierako proposamenetik urte eta erdira jaistea eta soldataren % 85era arteko gehigarria lortu dutela gehitu du, aparteko ordainsarien eta oporren kasuan % 100. Honez gain bereziki azpimarratu dute urte honen amaieran iraungiko zen enplegu bermeko akordioa 2027ko abenduaren 31ra arte luzatzea adostu dutela. «Modu honetan, neurriaren eragina modu adierazgarrian murriztea lortu dugu. Borrokan eta lanean jarraituko dugu bertako negoziaketa esparruen eta langileontzako onuragarriak izango diren akordioen alde».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!