Siemens Gamesako langileek aldi baterako espedientea bertan negoziatzea exijitu dute

Ataria 2024ko aza. 28a, 16:04

Asteasuko langileek gaur egindako elkarretaratzea. Iturria: LAB

Asteasuko enpresako langileek elkarretaratzea egin dute gaur.

LAB sindikatuak esan duenez, Siemens Gamesako Asteasuko langileek hilabeteak igaro dituzte, ekoizten dituzten turbinen inguruko arazo teknikoak tarteko, «etorkizun hurbilean zuzendaritzak beren lan baldintza eta lanpostuen aurkako neurriak hartuko zituela entzuten». Langileek «behin eta berriz» gardentasuna eskatu dutela gaineratu du sindikatuak, baina ez dutela erantzun argirik jaso esan du.

Esan dute udako oporren aurretik, urte bukaerarako Aldi Baterako Erregulazio Espediente (ABEE) baten beharraz mintzatu zela zuzendaritza lehenengoz eta langileek azken asteak eman dituztela neurria martxan jartzeko asmoaren berri formalki jaso zain. «Iragan azaroaren 19an jaso zuten kontsulta epearen hasierako jakinarazpena eta bertan, ordura arte igaro gabeko marra gorria zeharkatu du enpresak: Asteasuko ABEEaren negoziaketa Burgos, Lerma eta Zamudioko plantekin batera izatera behartu ditu». Horiek horrela, salatu dute langileak ez direla modu zuzen batean ordezkatuta egongo ABEEaren nondik norakoak negoziatzeko mahaian «beren lanpostu eta lan baldintzen gainean negoziatu eta erabakitzeko duten aukera deuseztatuz». «Erabakiak intentzionalitate argia baitu: bertako negoziazio esparruak ahuldu eta enpresari komenigarriagoak zaizkion indar harremanak dituzten markok bilatzea, akordio merkeagoak lortzeko», gaineratu du LABek.

Egoeraren aurrean, langileek elkarretaratzea egin dute gaur, lantegiaren atarian eta «argi eta ozen» esan dute ez dutela enpresaren erabakia onartzen eta aurrean izango dituztela. «Horregatik, erabakia atzera botatzeko exijitzen diote zuzendaritzari eta hartu asmo dituen neurriak bertako mahai batean negoziatzera eser dadila, langileen lan baldintzetan ahalik eta eragin txikiena izango duen ABEEaz hitz egiteko borondatez».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!