Aitzol Udal euskaltegiak eta Tolosaldeko AEK-k 2024-2025 ikasturtean eskualdean eskainiko diren ikastaroak aurkeztu dituzte Asteasun. Ikasturte honetan eskualdeko hamar herritan izango da euskara ikasteko aukera: Alegian, Anoetan, Asteasun, Ibarran, Ikaztegietan, Iruran, Lizartzan, Tolosan, Villabonan eta Zizurkilen. Herrian bertan euskara ikasteko aukera izango ez dutenek ere, herritik, gehienez, 10 minutura izango dute euskara ikasteko aukera. Matrikulazio epea irekita dute irailaren 20ra arte eta bi euskaltegietako arduradunek gogoratu dute 16 urtetik gorako edonork eman dezakeela izena.
Eskualdeko biztanleen %14 erdalduna da gaur egun eta Josebe Izagirre Aitzol Udal euskaltegiko zuzendariak eta Olatz Peñagarikano Tolosaldeko AEK-koak bereziki herritar horiek euskara ikastera animatzeko aprobetxatu dute Asteasuko agerraldia. «Euskara ikasteak baliagarri izan behar du Tolosaldean bizitzeko, balio behar du bertan ikasi edota lan egiteko, baita aisialdian jolasteko ere. Euskarak izan behar du harrera hizkuntza Tolosaldeko herrietan eta, halaber, herritarron solasaldietan lehen hizkuntza», nabarmendu du Peñagarikanok. Euskara ikastea esperientzia «aberasgarria eta baliagarria» izan dadin lan egingo dutela hitz eman dute euskaltegietako ordezkariek.
Udaletako hautetsi, euskara irakasle, euskara teknikari eta euskalgintzako eragileekin batera egin dute agerraldia eskualdeko euskaltegiek. Izagirrek eskerrak eman dizkie euskaltegietako matrikulazio kanpainari babesa eskaini dietenei. «Beste hainbat eragilerekin elkarlanean gure ekarpena egiten dugu Tolosaldeko euskalduntze prozesuari».
A1 mailatik C2 mailara arteko ikastaroak eskainiko dituzte bi euskaltegiek, hau da, euskara oinarri oinarritik ikastetik hasi eta goi mailaraino lantzeko aukera izango da Tolosaldean. «Klaseak herrietan jasotzeko aukeraz gain, bertaratu ezin direnek autoikaskuntza bidez ikasteko aukera ere izango dute, ikasketa metodo ez presentzialari esker», gogoratu du Izagirrek.
‘Euskaraz hartu hitza’
Aitzol Udal euskaltegiaren izaera «publikoa eta guztiontzat irekia» azpimarratu du Izagirrek eta Tolosako Udalak zerbitzu honi eusten egiten duen ahalegina eskertu du. Azken urteotan ikasturteko 200 ikasletik gora laguntzeko aukera izan dute beren euskararen bidean, eta aurten ere zeregin horretan sakontzen jarraitu nahi dutela esan du zuzendariak. Maila eta beharren arabera, astean hamar ordu, zortzi, sei eta bost orduko aurrez aurreko moduluak eskaintzen dituzte goizean goiz hasi eta iluntzera arte Tolosan.
Euskaraz, hartu hitza! leloa aukeratu dute udal euskaltegiek aurtengo kanpainarako. «Konbentzituta gaude euskarak ateak zabaltzen dituela eta geuk ere euskarari atea ireki behar diogula, euskaraz hitza hartuz», aipatu du udal euskaltegiko zuzendariak.
Erabileran indarra jartzeko asmoz, aurten ere, Tolosako euskaltegian mintza taldeak antolatuko dituzte B1tik gorako ikasleentzat. Talde hauetan herritarrek beren hizketarako gaitasuna lantzeko aukera izango dute irakasle baten gidaritzapean.
Tolosako Aitzol Udal euskaltegian matrikula egiteko aukera izango da egunotan 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:30era. Informazio gehiago nahi duenak 943 65 10 06 zenbakira deitu edo mezu bat idatzi dezake aitzolue@tolosa.eus helbidera.
‘Euskara eroso bizitzeko’
AEK-k Euskal Herri osoan 100 euskaltegi baino gehiago ditu martxan, Helduen Euskalduntze eta Alfabetatzea helburu eta tartean dira Tolosaldeko ikastaroak ere.
2024-2025 ikasturtean Tolosaldeko hainbat herritan eskainiko ditu AEK-k euskara eskolak, besteak beste, Zizurkilen, Villabonan, Asteasun, Anoetan, Iruran, Ikaztegietan, Alegian, Ibarran eta Lizartzan. «Tolosaldeko herritarrek euskaraz eroso bizitzeko herriz herri eskolak ematen jarraituko dugu», esan du Peñagarikanok. Euskara eroso bizitzeko da, hain zuzen, AEK-k aurtengo kanpainarako aukeratu duen leloa.
Ikastaroetan izena emateko aukera izango dute herritarrek Tolosaldeko AEK-ko 943 59 17 04 telefono zenbakira deituta, edota bestela, andoain@aek.eus helbidera idatzita.
Irailaren 20ra arteko epea dago euskaltegietan izena emateko, eta Izagirrek eta Peñagarikanok, ikasleak animatzearekin batera, oharra egin diete herritarrak egun hauek baliatu ditzaten euskaltegietara gerturatzeko, ikasturte osoa antolatzeko lana errazten baitu matrikulazio data errespetatzeak.
Bide batez, euskaltegietako arduradunek diru laguntzak aipatu dituzte. Tolosaldeko udalek ahalegina egiten dute euskara ikastaroak diruz laguntzeko, beti ere udalek edota jaurlaritzak jarritako baldintzak betez gero. Izagirrek aipatu du Tolosako Udalak aurten diru laguntzak handitu egin dituela eta bertan erroldatutako herritarrei B2 mailara arte ikastaroetan %95eko diru laguntza ematen duela; C1 mailan matrikularen %75a itzultzen zaie ikasleei eta C2 mailan matrikularen erdia. Peñagarikanok gaineratu du agiri ofizial guztiek dutela HABEk emandako diru laguntza.
Kanpotik etorritakoek, euskaraz alfabetatu gabeek, jubilatu berriek, euskara hobetu nahi duten herritarrek, merkataritza langileek, ostalaritzan dabiltzanek eta beste zenbait kolektiboetakoek izango dute izena emateko aukera Tolosaldeko euskaltegietan. «Ez dakitenak ikasten has daitezen eta pixka bat dakitenek ikasten jarrai dezaten», esan dute zuzendariek.
TOLOSALDEKO ESKAINTZA PRESENTZIALA
- Hastapen-maila: Ez daki ezer esaten euskaraz edo hitz gutxi batzuk bakarrik, eta ez du izan inolako harremanik euskararekin edo harreman mugatua bakarrik izan du.
- ALEGIA: al.-az. | 18:00-20:30.
- ANOETA: ar.-og. | 15:00-17:00.
- ASTEASU: al.-az. | 18:30-20:30.
- IBARRA: al.-az. | 09:30-11:30.
- IBARRA: ar.-og. | 14:30-16:30.
- IKAZTEGIETA: / ar.-og. | 09:00-11:30.
- IRURA: az.-or. | 14:30-16:30.
- LIZARTZA: az.-or. | 09:30-11:30.
- TOLOSA: al.-ar.-az.-og. | 09:00-11:00.
- TOLOSA: ar.-az.-og. | 15:30-17:30.
- TOLOSA: ar.-az.-og. | 18:00-20:00.
- VILLABONA: al.-ar.-og. | 09:30-11:30.
- ZIZURKIL: al.-ar.-og. | 15:00-17:00.
- Oinarrizko maila: Gai da euskarazko eguneroko esamoldeak eta maiz erabiltzen diren esaldi errazak ulertu edota erabiltzeko.
- ALEGIA: al.-az. | 18:00-20:30. (A2)
- ANOETA: az.-or. | 09:30-12:00. (A2)
- IRURA: ar.-og. | 16:00-18:30. (A2)
- TOLOSA: al.-ar.-az.-og. | 09:00-11:00. (A1)
- TOLOSA: al.-ar.-og. | 15:30-17:30. (A1)
- TOLOSA: al.-ar.-og. | 09:00-11:00. (A2)
- TOLOSA: al.-az.-og. | 15:30-17:30. (A2)
- VILLABONA: al.-ar.-og. | 09:30-12:00. (A2)
- ZIZURKIL: al.-ar.-og. | 15:00-17:30. (A2)
- Erdi-maila: Euskaraz komunikatzeko gai da eta testuen puntu nagusiak ulertzen ditu.
- ALEGIA: ar.-og. | 18:00-20:30. (B1)
- IBARRA: ar.-og. | 18:00-20:30. (B1)
- IRURA: ar.-og. | 16:00-18:30. (B1)
- TOLOSA: lal.-az.-og. | 09:00-11:00. (B1)
- TOLOSA: al.-ar.-az. | 16:00-18:00. (B1)
- TOLOSA: al.-az. | 09:00-11:00. (B2)
- TOLOSA: al.-az. | 16:00-18:00. (B2)
- TOLOSA: al.-az. | 09:30-11:00. (Mintzataldea jubilatuentzat) TOLOSA: al.-az. | 15:30-17:00. (Mintzataldea Amarotzen)
- VILLABONA: al.-ar.-og. | 09:30-12:00. (B2)
- ZIZURKIL: al.-ar.-og. | 15:00-17:00. (B1)
- ZIZURKIL: al.-ar.-og. | 09:30-12:00. (B1 eta B2)
- Goi-maila: Badaki modu erraz eta naturalean hitz egiten, eta euskara malgua eta eraginkorra erabil dezake helburu akademiko, sozial eta profesionaletarako.
- TOLOSA: astearteak eta ostegunak, 09:00-11:00. (C1)
- TOLOSA: astearteak eta ostegunak, 16:00-18:00. (C1)
- TOLOSA: astearteak eta ostegunak, 16:00-17:30. (C1, 16-18 urte)
- TOLOSA: astelehenak eta asteazkenak, 18:00-19:30. (C1, 16-18 urte)
- TOLOSA: * goizez eta arratsaldez, eskariaren arabera. (C2)
- VILLABONA: astelehenak, astearteak eta ostegunak; 09:30-12:00. (C1)