Elkarrizketa

«Euskarak ateak irekitzen dizkizu»

Ataria 2024ko irailaren 3a

Donostian urte batzuk eman ondoren, gaur egun Asteasun bizi da Patti Valencia (Cumbal, Nariño, Kolonbia, 1978).

Urte batzuk badira euskara ikasten hasi zenetik eta ikaragarri gustura ari dela aitortu du. Iaz, urte pare bateko etenaren ostean, bi talde osatu ziren Asteasun eta 16 lagun elkartu ziren euskara ikasteko.

Zerk bultzatu zaitu euskaltegian izena eman eta euskara ikastera?

Niretzako garrantzitsua zen euskara ikastea ama naizelako. Hori izan da niretzat motibazio nagusia, baina horrekin batera, euskal herritarrekin komunikatzeko baliagarria dela ikusten dut. Euskaldunei gustatzen zaie jendeak haiekin euskaraz hitz egitea eta horregatik ere izena eman nuen euskaltegian.

Zer moduzkoa izan zen iazko ikasturtea?

Primerakoa. Nik oso ondo pasatu nuen behintzat. Gure irakasleak pazientzia ikaragarria dauka gurekin.

Erabiltzen duzu ikasi duzun euskara hori?

Saiatzen naiz, baina oraingoz oso gutxi egiten dut. Poliki-poliki ari naiz.

Zer esango zenieke euskara ikasteko zalantzan dauden horiei?

Nik animatuko nituzke euskaltegian izen ematera. Dudarik gabe, euskarak ateak irekitzen dizkizu eta bertako jendearekin harremana egiteko bidea irekitzen dizu. Euskaraz hitz egiterakoan begiak zabaltzen zaizkio bertako jendeari. Ikusten dute gu ere ari garela hurbiltzen euskararen mundura. Nik jendea animatuko nuke, harrera ikaragarri ona egingo diete, ziur. Nik horrela bizi izan dut.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!