Euskara ikastea doakoa izatea lortzeko bidea urratzen ari da Eusko Jaurlaritza. Orain gutxi iragarri zuen Ibone Bengoetxeak A1 maila doakoa izango dela euskaltegi guztietan. Jokin Azkue (Asteasu, 1961) HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen zuzendari nagusiak ziurtatu du horrela euskaratik urrun daudenak gerturatu nahi dituztela euskaltegietara. Izena eman nahi duenak euskaltegira joatea besterik ez du: «Han esango diote zein den bidea». Pausoa ematera bultzatu ditu Azkuek: «Konturatuko dira mundu berri bat irekiko zaiela».
2024-2025eko ikasturtera begira, bada berritasunik euskara ikasketetan: A1 mailan matrikulatutakoek «matrikula merke bat» baino ez dute ordaindu beharko. Zergatik hartu duzue erabaki hori?
Orain urtebete, ikerketa bat egin genuen euskaltegiekin batera; aztertu genuen euskaltegien etorkizuneko harrobia non zegoen. Ikusi genuen harrobi garrantzitsu bat dagoela hemen bertan bizi direnen eta euskaratik urrun daudenen —euskara ezagutzen ez dutenen— artean, eta, gero, handitzen ari da etorkinen multzoa ere. Multzo horretan, interes nabarmena azaltzen zuten zenbait herritarrek, esaten zutelako euskara ikasteak aukera handiak ematen zizkiela lana bilatzeko eta lan hobea bilatzeko, ez bakarrik sektore publikoan —agian, hor ez daukate leku zabalik gaur egun—, baina bai ekimen pribatuan, lantegi pribatuetarako-eta. Planteatu genuen horri heltzea eta A1eko ikastaldeen eta ikasleen sustapena egitea.
Elkarrizketa osorik Berria.eus webgunean.