elkarrizketa

«Astean behingo zerbitzua ez da nahikoa Asteasu bezalako herri batentzat»

Jon Miranda Labaien 2024ko mar. 19a, 07:58

Etsipenarekin hitz egin du Pili Legarra Kortajarenak (Asteasu, 1960). Herrian badute Kutxabanken bulegoa baina aurrez aurreko arreta astean behin baino ez du eskaintzen.

Noiztik duzue bulegoa Asteasun?

Hasieran astean arratsalde batean etortzen ziren Kutxako langileak herrira eta gerora, 1985 urte inguruan orokortu zuten zerbitzua eta Kale Nagusiko seigarren zenbakian bulegoa zabaldu. Alokatutako lokal horretan mantendu ziren, harik eta, 2000. urte inguruan gaur egun duten behe-barrua erosi zuten arte. Ordutik bertan ari dira.

Zerbitzu hori jasotzeko nahikoa jarduera badago Asteasun?

Baietz uste dugu guk. Asteasuk badu nahikoa entitate. Industriagune izugarria dugu herrian, ia 140 enpresa badira. Ni ez naiz banketxeko langilea baina kanpotik begiratuta badirudi badagoela ehun ekonomiko nahikoa indartsua. Herriak ere nahikoa mugimendu baduela iruditzen zaigu.

Urte guztiotan zerbitzua mantendu al dute?

Pasatu gara goizero zerbitzua izatetik astean goiz bakar batean zerbitzua jasotzera. Joan dira murrizketak poliki-poliki egiten. Aurrena, goiz osoko zerbitzua zen, gero 11:00etan irekitzen hasi ziren. Handik, astean bitan irekitzera pasa ziren eta bukatu dute astean goiz bakar batean zerbitzua eskaintzen, ostegun goizetan.

Jakinarazten al dituzte aldaketa horiek?

Aurretik Kutxabankeko ordezkariak udaletxera etortzen dira eta beren azalpenak ematen dituzte, aurkezten dituzte euren asmoak. Etorri diren aldi guztietan beldurrez egoten naiz, maila bat beherago jaitsiko garelako eskaileran. Oporraldietan ere itxita egoten da eta jendeak Villabonara joan behar izaten du, derrigor.

Zer arrazoi ematen dizkizuete murrizketa horiek jakinarazten dizkizuetenean?

Ezer zehatzik ez, banketxeen politika orokorra dela esaten digute. Ingurune birtuala handitu eta bulegoko aurrez aurreko zerbitzua ez dela hain beharrezkoa esaten aritzen zaizkigu. Nik azpimarratzen diet, ordea, oraindik badagoela gizartean multzo handi bat presentzialtasun hori baloratzen duena. Baloratu bakarrik ez, aurrez aurrekoa behar duena. Bulegoko arduradunarekin eseri eta harreman pertsonal hori behar dute. 

Aurrez aurreko zerbitzua hobetsi beharko litzatekeela uste duzu?

Bai. Mugikor eta ordenagailu bat eduki ezean badirudi herritartasunean behera egiten duzula. Esaten digute, Villabonan dugula egunero bulegoa zabalik, zerbitzua gertu jasotzeko aukera dugula. Baina hori ziurtatuta daukazu, autoa izanez gero edo garraio publikoan moldatuz gero. Gure herrian jende askok ez du gaitasun hori. Herritarrek asko estimatzen dute Asteasun bertan zerbitzu hori jasotzea. Nire iritzian astean behingo hori ez da nahikoa.

Herritarrengandik urruntze hori zeri egozten diozu zuk?

Faktore asko egongo dira, baina ez dugu ahaztu behar Kutxa zer zen eta Kutxabank zer den gaur egun. Banku izaera hartu zuenetik izugarri aldatu da. Gogoan daukat, herriko edozein ekimenetarako ekarpena egiten zuela Kutxak, umeentzako goxokiak, krosetako medailak edota jubilatu bazkaritarako detailetxoak oparitzen zizkiguten. Herritarren ikuspegitik balore bat badute gauza horiek. Erlazioa hoztu egin da, ordea.

Nola bultzatu daiteke berriro ere zerbitzu horiek herrira ekartzea?

Zaila da. Uste dut orokorrean gizarteko joera bati erantzuten diola aldaketa honek. Deshumanizatzen ari gara gure arteko tratua, administraziotik bertatik hasita. Jende asko geratu daiteke digitalizazioarekin gurpil zoro honetatik kanpora. Uste dut bilakaera honetan galtzen ari garela, izugarrizko abiaduran doa guztia. Etsitzeko modukoa da. Harreman guneak guztiak txikitzen ari dira eta indibidualismoa geroz eta handiagoa da. Gero jendartea depresioarekin dagoela esango digute.

Zer eskatuko zenieke banketxeei?

Gertuko harreman hori berreskuratzeko. Prentsan irakurtzen duzu mila milioiko irabaziak dituztela banketxeek. Baina zertarako? Pertsonak baztertuta ari dira dirua irabazten, gure dirua kudeatzen. Zertarako balio du diru horrek guztiak? Nora doa? Kontraesan handia dagoela ikusten dut. Zerbait bada hor.

Eskumenik ba al du udalak esku hartzeko?

Ezta bat ere. Kortesiagatik etortzen dira udalera zerbitzuan ematen dituzten aldaketen berri emateko eta Asteasuko Udala bera euren bezeroa delako. Administrazioan ere harremanak digitalki egiten ditugu bankuekin, bide horretara eraman gaituzte. Administrazioak badu egokitzeko gaitasun hori, baina herritar soil batek ez hainbeste.

Kexak jasotzen al dituzue udalean?

Bai. Bi kexa nagusi izaten ditugu, Correosekin eta Kutxabankekin. Banku zerbitzuarekin, aldiro zerbitzua murrizten duten bakoitzean komentatzen didate niri kalean. Jendea, gero, ohitu egiten da, ez du beste erremediorik eta Villabonara joaten da. Han ere, ordainketak eta diru sarrerak egiteko ordutegi jakin bat jarri zuten. Gipuzkoan jubilatu elkarteetakoek mugimendu bat hasi zuten eta mozioa aurkeztu zuten udaletxean. Guk onartu egin genuen eta kexa bat aurkeztu genuen. Horren ondorioz, erretiratuek ordutegi malguagoa dute zenbait operazio egiteko. Baina, hori bai, Villabonan.

Zein etorkizun aurreikusten duzu?

Oraingoz gu pribilegiatuak garela esango nuke. Kutxabanken bulegoa badugu eta baita kutxazaina ere. Hemen astean behin, behintzat, arreta pertsonalizatua izaten dugu. Langile bat da herriz herri dabilena zerbitzua eskaintzen. Beste udalerri batzuetan egoera okerragoa da, udala ari da lokalak uzten kutxazainak jartzeko. Dena den, irudipena da denborarekin hemengo bulegoa ere kenduko dutela eta Asteasukoa Villabonako bulegora atxikiko dutela. Noiz pasako den ez dakigu. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!