Sariak jaso eta jaso dabil etengabe

Aitor Arroyo Askarai 2023ko azaroaren 3a

Iaz, Asteasuko Goine gaztandegiak irabazi zuen Tolosako I. Esneki lehiaketako sari nagusia; ordutik sariak pilatzen ari da. Bost domina eskuratu ditu urrian Herrialde Katalanetan eta Norvegian.

"Berezia izan zen saria”. Horrela definitu du Joseba Otegi Asteasuko Goine gaztandegiko artzainak iaz Tolosako I. Esneki lehiaketa irabazi izana. “Berezia izan zen etxean irabaztea”. Otegik sari nagusia besapean zuela egin zuen iaz Tolosatik Asteasurako bidea, eta ordutik ez du atsedenik izan, ez lanean eta ez sariei dagokienez ere. Izan ere, joan den urri erdialdean urrezko domina eta zilarrezko domina irabazi zituen haren gaztandegiak La Seu d’Urgelleko (Herrialde Katalanak) Pirinioetako artisau gaztaren lehiaketan, eta joan den asteburuan zilarrezko bi domina eta brontzezko bat eskuratu zituen Norvegiako World Cheese Awards lehiaketan.

Azken urtebetean jasotako sarien inguruan “gogobeteta” hitz egin du, oro har, Asteasuko ekoizleak. Otegik oso gogoan dauka, adibidez, Tolosako iazko gazta txapelketaren aurretik, “lauzpabost hilabete lehenago” hasi zela Otzara gazta egiten. “Lehiaketa hura irabazi izanak asko lagundu zigun gure gazta eta gaztandegia ezagutarazten”.

Otzara gaztak bere bidea eginda —merkaturatzen dute oraindik—, Asteasuko ekoizleek beste gazta ale batzuk aukeratu dituzte aurten Tolosan lehiatzeko; besteak beste, Idiazabal jatorriko “gazta natural bat”, “Otzararen antzeko beste bat”, behi gazta bat eta ardi esnearekin egindako gazta fresko bat. Asteasuko gaztandegiko arduradunak azaldu duenez, eurentzat “erosoagoa” da Idiazabal gaztarekin lehiatzea, ekoizpenaren %80 baino gehiago bideratzen dutelako mota horretako gazta egitera. Dena dela, Otegik aitortu du berari gehiago gustatzen zaiola “pasta biguneko gaztekin” lan egitea; hain zuzen, mota horretakoa da Otzara gazta.

Harremana egiteko aukera

Esneki azoka eta antzekoak kontsumitzaileei hainbat motatako produktuak aurkezteko “toki egokiak” direla uste du Otegik. Nabarmendu du azoka horietan balio handiagoa duela jendearekin harremana egiteko aukerak, bertan saltzen dutenak baino.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!