Euskal Herriko esnekien erakusleiho bihurtuko da Tolosa

Aitor Arroyo Askarai 2023ko aza. 3a, 12:05

II. Esneki azoka eta lehiaketa egingo dute, gaur eta bihar, Tolosan. 30 epaimahaikide izango dira bihar, lehiaketa nagusian. Besteak beste, dastaketa gidatuak ere egingo dituzte.

Gipuzkoako Hitzan argitaratutako artikulua.

Euskal Herriko gaztaren eta esnekien II. azoka egingo dute, gaur eta bihar, Tolosan. Bigarren urtea izango du, eta, Euskal Herriko gaztarik onena aukeratzeaz gain, XIV. Frisoi Txapelketa ere egingo dute. Denetariko jarduerak antolatu dituzte esnekien inguruan; horien artean, azoka, tailerrak, dastaketa gidatuak, hitzaldiak eta mahai inguruak.

Aurrez izena eman beharra dago gaur-biharretan egingo dituzten jardueretako batzuetan parte hartzeko, eta beste batzuetarako, berriz, sarrera erosi beharko da —agortuta daude gaurko Errapetik ahorainoko bidea esperientziarako sarrerak—. Dena dela, izango da izena eman beharrik gabeko saiorik ere; besteak beste, Triangulo plazako azoka eta Esnetan familia guztiarentzako jarduera. Era berean, bihar Beotibar pilotalekua irekita egongo da lehiaketak irauten duen bitartean. Sari banaketa 13:00 aldera izango dela aurreikusi dute. 30 epaimahaikide izango dira.

Egitasmoa elkarlanean antolatu dute Tolosako Udalak, Eliker kalitatezko elikaduraren zentroak, Hazi elkarteak, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Leartiker esneki zentroak. Tolosako Udaleko Aitor Agirresarobe Merkataritza, Turismo eta Azoketako zinegotziak kezka azaldu du lehen sektorearen egoeraren inguruan, eta Esneki egitasmoa pedagogia egiteko “espazio egokia” izan daitekeelakoan dago: “Bertako produktuen aldeko apustu sendoa eginez, gure landa ingurunearen mantenua bermatzeko aukera gehiago izango genuke”. Uste du “elkarlana” dela gakoa mota horretako ekimenak antolatzeko.

Jakintzaren transmisioa

Imanol Zubelzu Eliker proiektuaren koordinatzaileak hiru kontzepturen inguruan bildu du azokaren zentzua: elkarlana, hartu-emana eta izaera berritzailea. Egitasmoa antolatzeko, Zubelzuk “beharrezkotzat” jo du ekoizleen, erakundeen eta elkarteen arteko elkarlana. Hartu-emana, berriz, “ardatza” da, haren hitzetan: “Esnekien azoka da hau, baina kontsumitzaileen eta ekoizleen arteko trukea ez da produktuena bakarrik; jakintzaren transmisioa bermatzeko plaza ere bada gure azoka”. Sektoreari dagozkien erronkak hautemateko eta horiei erantzun berritzaileak emateko gaitasuna izatea ere ezinbestekotzat jo du Zubelzuk.

 

ESNEKI, EUSKAL HERRIKO GAZTAREN ETA ESNEKIEN AZOKA
  • Gaur
    • 11:00. Esneki sektore mailako topaketa, Beotibar frontoian.
    • 11:15. Mahai ingurua: Jeztetik arrakastara: erreferentziazko kasuak gaztagintza sektorean. Parte hartzaileak: Xuso Mazaira (Airas Moniz), Silvia Pelaez (Quesos y Besos) eta Salvador Maura (Mas D’Eroles), Beotibarren.
    • 12:00. Marigel Alvarez (Quesos Casin), Beotibarren.
    • 13:00. Mahai ingurua: Euskal Herriko Gaztandegiak. Parte hartzaileak: Kepa Agirregoikoa (Errotik), Eneko Goiburu (Ondarre), Yenofa (Ferme Bordalanda Garralda) eta Bittor Rodriguez (Farmazia fakultatea, EHU). Moderatzailea: Malen Sarasua (Leartiker), Beotibarren.
    • 18:00. Errapetik ahorainoko bidea familientzako esperientzia hezigarria, Ferialekuan.
    • 19:00. Gazta, kultura eta gastronomia hitzaldia eta dastaketa, Beotibarren: Henri Bile, Alain Torres eta Roberto Ruiz.

  • Bihar
    • 09:45. XIV. Frisoi Txapelketa. Erakustaldia, Ferialekuan.
    • 09:00-14:00. Esneki, gazta eta esnekien azoka berezia, Trianguloan eta San Frantzisko pasealekuan.
    • 10:00-13:00. Euskal gazta eta esnekien dastaketa gidatua eta txapelketa, Beotibar pilotalekuan.
    • 11:00. Esnetan familia guztiarentzako jarduerak, Trianguloan.
    • 13:00. Euskal Herriko gazta eta esnekien txapelketaren sari banaketa, Beotibarren.
    • 14:00. XIV. Frisoi Txapelketaren sari banaketa, Ferialekuan.
Erlazionatuak

Sariak jaso eta jaso dabil etengabe

Aitor Arroyo Askarai 2023 aza 03 Asteasu

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!