Siemens Gamesak 1.226 milioi euro galdu ditu azken bederatzi hilabeteetan

Tolosaldeko Ataria 2022ko abu. 4a, 16:58

Salmentak %12 apaldu zaizkio, iazko aldiarekin konparatuz gero; ikuskizun dago enpleguari eta zehazkiago Asteasuko plantari nola eragingo dioten datuok.

2020an emaitza negatiboetan sartu zen Siemens Gamesa, eta oraindik egoerari buelta ezin emanik dago. 1.226 milioi euroren galerak izan ditu iazko urritik ekainera. Aurreko urteko epe bereko datuak hirukoiztu ditu, 446 milioi euro galdu ditu azken hiru hilabeteotan.

Salmentei erreparatuz gero, Zamudioko taldeari kostatzen ari zaio aurreko jardunaldiko martxa hartzea. Azken hiruhilekoan (apiriletik ekainera), 2.436 milioi euroren salmentak izan ditu, aurreko aldian baino %10 gutxiago. Orain arteko jardunaldiko datuek ere (urritik hona) antzekoa erakusten dute: salmentak %12 jaitsi dira, 6.442 milioi euroraino. Konpainiak ez du zehaztu sektore bakoitzak zenbateko beherakada izan duen: zehazki, zerbitzuek, ur gaineko haize errotek (offshore) eta lur gainekoek (onshore). Dena dela, aurreko hiruhilekoan azken horiek apaldu ziren gehien, %43.

Eskari gehiago

Aurreikuspenek, ordea, beste zerbait diote: 3.523 milioi euroren eskariak gehitu zituzten eskari zorrora, apiriletik ekainera bitartean; hau da, aurreko urtean baino 2,3 bider gehiago. Gaur egun, 33.980 milioi euroko eskari zorroa du Siemens Gamesak.

Zenbait iturrik adierazi dute Siemens Gamesa bere plantilla %9an murrizteko aukera aztertzen ari dela, eta zalantzan egon daitezkeela 2.500 langileren etorkizuna. Siemens Energyk maiatzean iragarri zuen Siemens Gamesatik falta zaion zatia erosteko eskaintza publikoa egiteko asmoa zuela eta orduan esan zuen Cristian Bruch kontseilari ordezkariak aldaketak egiteko asmoa dutela Gamesaren lantaldean. Kezkaz hartu zituzten hitz horiek Asteasuko lantegian. 200 langile ibiltzen dira bertan eta uztailean lanuzteak egin dituzte, lanpostuen bermea, lan baldintzak mantentzea eta Asteasuko plantarako plan industrial bat exijitzeko. Asteasuko lantegia GET dibisioaren barruan kokatuta dago eta dibisio hori "airean" egon daitekeela uste dute langileek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!