Siemens Gamesako langileek lanuzteak hasi dituzte

Ataria 2022ko uztailaren 12a

Enpresaren etorkizuna kolokan ikusten dute, eta bost egunez lanuzteak egitea erabaki dute.

Asteasuko Siemens Gamesako langileek lanuzteak hasi dituzte enpresaren etorkizuna eta berau kokatuta dagoen GET dibisioarena "airean" daudelako. LAB sindikatutik adierazi dutenez, Siemens Gamesaren salmenta posiblearen aurrean duten ziurgabetasunaren ondorioz, langileek lanpostuen bermea, lan baldintzak mantentzea eta Asteasuko plantarako plan industrial bat exijitzen dizkiote enpresari. 

Asteasuko lantegia Siemens Gamesa GET dibisioaren barruan kokatuta dago eta 200 langile ditu. LABeko 7 ordezkarik eta bi independentek osatzen dute enpresa-batzordea, eta atzo egindako batzarrean, langileek bost egunez lanuzteak egitea erabaki zuten, enpresaren etorkizuna "airean" dagoelako. Hala, gaur, bihar eta etzi txanda bakoitzean ordubeteko lanuztea egingo dute (hiru txandetan egiten dute lan) eta uztailaren 18an eta 19an, bi orduko lanuzteak egingo dituzte txanda bakoitzean.

LAB sindikatuak azaldu duenez, proiektuaren etorkizunari buruzko kezka azaldu die Eusko Jaurlaritza eta gainerako erakundeei eta enpleguaren, teknologiaren eta ekoizpen guneen defentsan jarrera tinkoa izateko exijitu die.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!