"Erabakiak geroz eta urrutiago hartu, geroz eta eragiteko ahalmen gutxiago dugu"

Tolosaldeko Ataria 2022ko mai. 23a, 12:10

Kezka da nagusi Asteasuko Siemens Gamesa lantegian. Siemens Energyk iragarri du aldaketak egingo dituela Siemens Gamesaren lantaldean eta horrek Asteasun eragina izan dezakeela uste dute langileek.

Siemens Energyk atzo iragarri zuen ofizialki Siemens Gamesatik falta zaion zatia erosteko eskaintza publikoa egiteko asmoa. Akzioko 18,05 euro eskainiko ditu, eta orotara 4.000 milioi euro ordaindu Siemens Gamesa burtsatik ateratzeko. Cristian Bruch Siemens Energyko kontseilari ordezkariak aitortu du aldaketak egingo dituela Gamesaren lantaldean: "helburua egiturazko optimizazioa da".

 

Siemens Gamesak bost lantoki ditu Euskal Herrian, horietako bat da Asteasukoa —lehengo Echesa—, eta Tolosaldeko langileen artean kezka zabaldu da. Langileen ordezkaria den Josu Zubillagak esan du ez dutela informazio ofizialik jaso eta komunikabideen bidez jakin zutela albistea atzo. Deslokalizazioa egon daiteke atzean eta horren aurrean langileak babesgabe daudela esan du. "Kezkatuta gaude. Duela urte batzuk lantokia bertakoa izanda, bazegoen inguruarekiko atxikipen sentimendua, baina alemaniar batentzat ez dago atxikimendurik. Gure planta beste toki batera eramatea bururatzen bazaio, babesgabe gaude, eta kezka handia da. Erabakiak geroz eta urrutiago hartu, geroz eta eragiteko ahalmen gutxiago dugu".

 

Asteasuko lantokian 200 bat pertsonak egiten dute lan, gehienak eskualdekoak bertakoak, eta gogoan dute duela hilabete inguru Zumaian izandako albistea. Alemaniako Mutares-ek erosi zuen Zumaiako Siemens Energy-ren lantokia, Guascor zena. "Gure antzeko kasu bat izan dugu duela gutxi. Alemaniako burtsako beste enpresa putre bat izatera pasa da, eta hango langileek duten ezinegon bera dugu guk orain".

 

Zubillagak esan du idatzi bat prestatzen ari direla bildu duten informazioarekin eta langileen artean banatuko dutela; dena den, ez dute zuzendaritzaren informazio zuzenik. "Nahiz eta atzo igandea izan komunikabideen bidez informazioa jaso bezain pronto gure lantokiko kudeatzaileari informazioa eskatu genion, baina ez dugu ez informaziorik ez eta bilera deialdirik jaso ere". Ez dute baztertzen mobilizazioak deitzea.

 

Zubillagak gogoratu du deslokalizazio prozesua ez dela berria. "Duela urte gutxi Echesa enpresa ginen. Tolosaldea inguruko enpresa bat zen eta Gamesak erosi zuen gero. Beranduago Gamesak Zamudion ireki zuen zentro bat eta EAEn oinarriturik zegoen enpresaren erdia baino gehixeago Siemensek erosi zuen. Orduan salatu genuen horrelako deskapitalizazio edo kanporatze bat, euskal gizartearentzat, eta Tolosaldearentzat zehazki, okerragorako izango zela; ixteak ekarri ahal zituelako eta bertako inguruko enpresen lanpostuen galera ekarriko zuelako. Hainbat politikok esan zuten ez zela horrelakorik gertatuko, eta erabaki zen Zamudion segituko zuela. Gaur da eguna Siemens Energy izatera pasako omen garela, bagenekien gure etorkizuna Alemanian erabakiko zela, eta orain argiago dago".

 

Eusko Jaurlaritza

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak esan du enpresen bat-egitea albiste ona dela, baldin eta enpleguari eutsiko bazaio. Operazio horren inguruko informazio argigarria eskatu du, hala ere, egon daitezkeen zalantzak uxatzeko. Izan ere, uste du Siemens Energyk bere asmoen berri eman ez izanak "ziurgabetasuna" sortu duela, batez ere, langileen artean. Gaineratu du Tapiak  Jaurlaritzak lan egingo duela enpleguari eusteko eta Zamudioko egoitza ez lekualdatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!