(H)ari naizela

"Nire mailatxoa eman dut eta gustura noa etxera"

Ataria 2019ko abenduaren 2a

Saio "duina" egin duela Tolosan uste du Haritz Mujikak, "eroso" sentitu da, eta esperientzia "positiboa" izan dela esan du.

432 punturekin seigarren geratu da Tolosako saioan Haritz Mujika. "Egin beharrekoa" egin duela uste du asteasuarrak, "saio duina" eginez. "Banuen hainbeste jenderekin beldurra sentituko nuenaren ustea eta ondorioz, saioan sartu ezin izango nuela, baina, hasieratik eroso sentitu naiz", esan du.

Txapelketaren inguruan galdetuta, "luzea eta nekagarria" izan dela dio asteasuarrak. "Orokorrean balantze positiboa egiten dut, azken finean lanera bultzatzen gaituelako eta beste irrika batekin egiten duzulako bertso eskolako buelta. Irunen kartzelakoarekin ez nintzen gustura geratu, Oñatin, berriz, oro har, saio osoarekin ez nintzen gustura geratu, baina kartzelakoarekin bai, eta Tolosakoan nire ustez saio osoan nire mailatxoa eman dut eta gustura noa etxera".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!