Marraz marra egindako lanak

Ataria 2016ko urriaren 21a

Plazida Otaño liburutegian urriaren 30a arte egongo da ikusgai Lierni Mendiak Bic boligrafoekin egindako 20 koadroen erakusketa. Bihar, bere teknikaren inguruan ariko da Zizurkilen eskainiko duen tailerrean.

Aiztondoko Plazida Otaño liburutegia zabalik den bitartean, bertako erakusketa gelan ikusi ahal izango dira Lierni Mendiak prestatu dituen koadroak. 2013an, Bic boligrafoekin esperimentatzen hasi zenetik, orain arte egin dituen lanen aukeraketa bat jarri du ikusgai Zizurkilen. 20 lan guztira.

Ikusten ikasteko tailerra

«Marrazten ikasteko, gauza errealak kopiatu ahal izateko, ikusten ikasi behar da», esan du Mendiak. Bihar, horretarako argibide batzuk eskainiko ditu Aiztondoko liburutegian, 10:00etatik 12:00etara bitartean. Doakoa da parte hartzea.

«Ariketa batzuk prestatu ditut, zeri kasu egin ikasteko. Estereotipoak ahaztu egin behar direla iruditzen zait». Mendiaren ustez, jende gehienak lotsaz dio ez dakiela marrazten: «Baino inork ez digu erakutsi, idazten edo irakurtzen bezala. Txikitan umeek gaitasun izugarria izaten dute, eta gero, helduaroan, marrazketa errealistak egiten hasi eta ateratzen ez dela ikustean, utzi egiten dugu. Konplexuak albo batera utzi eta ikasi daiteke marrazten, ez da dohain berezi bat behar. Gogoa eduki behar da, besterik ez».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!