«Boligrafoa teknika erosoa eta praktikoa da marrazkiak egiteko»

Tolosaldeko Ataria 2016ko urr. 21a, 08:00

Villabonan jaio, Asteasun bizi, eta irakasle gisa, Alkizan aritzen da Lierni Mendia (Amasa-Villabona, 1968). Aiztondoko Plazida Otaño liburutegia da, beraz, tokirik aproposena bere lehen erakusketa jartzeko.

Nondik datorkizu zuri marrazteko afizioa?

Marraztea beti gustatu izan zait, baina behin ere ez dut astirik eduki honi eskaintzeko. Arte Ederrak ikasketak egin nituen unibertsitatean eta denbora horretan marraztu nuen, horrela tokatzen zelako eta gustura egiten nuelako. Ni zaharberrikuntzan espezializatu nintzen eta urte batzuetan lan horietan aritu nintzen. Baina gero bizitzak beste toki batzuetara eramaten zaitu eta berehala irakaskuntzan hasi nintzen. Bigarren hezkuntzan hamabost urte eman nituen eta plastika saioak eman nituen, beste hainbat gairekin batera. Gero, magisteritza ikasketak egin, eta azken hamar urteak, lehen hezkuntzan daramatzat irakasle gisa. Azkeneko urteetan Alkizan nabil.

 

Zein teknika erabili izan duzu marrazteko?

Arte Ederrak ikasi nuenean, olioarekin ibili nintzen urte dezentetan. Baina zeure kabuz, zeure etxean bizitzen hasten zarenean, konturatzen zara ez dela teknika erosoa, tresnak behar baitituzu eta lekua ere bai. Ordu luzeetan aritzeko teknika dela iruditzen zait. Nik behar nuen, ordu erdi, ordubete, edo gehienera, bi orduko tartetxoak aprobetxatzeko teknika bat. Horregatik arkatzera jo nuen hasiera batean, eta hortik etorri da gero boligrafoa. Teknika garbia eta erraza bilatze horretan aurkitu nuen. Erosoa eta praktikoa zait.

 

Bic boligrafoa.

Bai. Marketina egiten ari naizela dirudi, baina beste hainbat marka ere probatu ditut, eta Bic-ek ematen duen xehetasuna ez dut besteetan aurkitu. Tintako boligrafoak izan behar dute eta gaur egun oso zabalduta daude gelezkoak. Tintazkoak ez daude horrenbeste eta horien artean, Bic hauek dira nik gehien estimatzen ditudanak.

 

Nolakoak erabiltzen dituzu?

Bada betiko horietakoak, kristalezko bezala ezagutzen direnak. Duela urte batzuk Baionan paseoan genbiltzala, denda batean sartu eta koloretakoak zeudela ikusi nuen. Erosi egin nituen eta mundu bat zabaldu zitzaidan. Azkenekoan joan nintzenean, hiru kaxa erosi nituen hemen ez ditudalako topatu. Betiko urdina, gorria, berdea eta beltzaz gain, hemen ere atera zituzten beste kolore batzuk, baina ez han aurkitukoak bezainbeste eta horrek aukera eman zidan esperimentatzeko. Eta oraindik bide horretan nabil.

 

Zein teknika lantzen dituzu zure lanetan?

Marrazki errealistak egiten ditut eta argazki bitartez funtzionatzen dut. Elementu ezberdinei argazkiak ateratzen dizkiet eta hori eredu hartuta bertatik abiatzen naiz. Saiatu izan naiz naturaletik objektuak kopiatzen, baina nola marrazkiak ez ditudan egun berean bukatzen, argiak asko aldatzen dira batetik bestera. Argazkiak horretan laguntzen dit. Boligrafo hauek, tintazkoak direnez, suabetik intentsitate handiagora pasatzen naiz eta tonalitate asko lortzen ditut. Tolesdurak eta xehetasunak lortzeko aukera ematen dit. Bolumena eta itzala ere lortzen ditut eta hiru dimentsioetako sentsazioa ematen saiatzen naiz.

 

Zein motibo erabili dituzu?

Hau hasiera bat da. Oraindik esperimentatzen nago eta aurrera jarraitzeko gogoa daukat. Hasteko modua loreak erretratatzea izan zen, erreza eta gustagarria egiten zitzaizkidalako, arrosak gehienbat. Gero etxeko eta sukaldeko objektu normalak erretratatzen ditut: kanikak, te-ontziak, ontziak, katiluak, oinetakoak eta boligrafoak berak ere bai.

 

Zein paper erabiltzen duzu?

Asko gustatzen zait paper diferenteak erabiltzea. Testura handia ematen diote marrazkiari eta aberastu egiten dute. Badira batzuk eskuz egindakoak eta beste batzuk ez eskuz egindakoak, baina testura eta kolore bereziak dituztenak. Asko aldatzen baita marrazkia, folio normal batean egin edo horrelako papera erabili. Adibidez, te-ontzia dagoen marrazkian, te zorrotxoen papera jarri dut collage modura, jolas egiteko.

 

Markoak ere bereziak dira.

Egia esan, ez ditut koadroak laukian sartzera bidaltzen. Nik erosten ditut eta nik margotzen ditut asko. Kanpotik ekarritakoak ere badira, Marokotik eta Pragatik adibidez. Gustatzen zaizkit markoak eta aukera dudanetan erosi egiten ditut. Gero, etxean dauzkadanak aprobetxatu egiten ditut. Dr. Martens oinetakoen kasuan, marko barroko bat erabili dut, oinetako modernoekin kontrastea egiteko.

 

Zenbat denbora eman duzu lan hauek egiten?

Tarte gutxi daukat eta ordubete daukadanean aprobetxatu egiten dut. Bakoitza bukatzeko, sei-zazpi ordu behar izaten ditut. Txikiagoak badira, azkarrago. Baina aste batean marrazkia hartu eta askotan hurrengo astera arte ez dut hartzen edo askotan bi edo hiru marrazki hasita edukitzen ditut.

 

Noiz egindakoak dira erakusketan jarri dituzunak?

2013an hasi nintzen boligrafoak erabiltzen eta orduan hasita eta azkenekoak aurreko hilean bukatutakoak dira. Azken hiru urteetakoak dira, beraz. Hala ere, egindako kuadro guztiak ez daude hemen. Oparitan eman ditut asko eta etxean ere dezente dauzkat. Erakusketarako aukeraketa alabarekin batera egin dut eta gehien gustatzen zaizkidanak aukeratu ditut, 20 daude guztira.

 

Zein asmo dituzu etorkizunerako?

Momentu honetan, honetarako neuzkanak bukatu ditut baina buruan baditut ideia gehiago. Jende askok ere ez daki marrazten dudanik. Harrituta geratu da asko. Hemengo marrazkiak, printzipioz ez daude salgai, baino norbaitek nahiko balitu, nirekin harremanetan jarri besterik ez du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!