Txapartegiren tortura salaketak egiaztatu dituzte Suitzako bi adituk

Ataria 2016ko irailaren 21a

Asteartean elkarretaratzea egin zuten Suitzako Kontsulatuaren aurrean.

Nekane Txapartegiren auziaren harira, Suitzako bi adituk adierazi dute tratu txarrak "ohikoak" izan direla Espainiako Estatuan, Gara egunkariak jaso duenez.

Gara egunkariak jaso duenez, Jean-Pierre Restellini eta Gerald Staberock adituek sinesgarritasuna eman diete Txapartegiren tortura salaketei. Era berean, ohartarazi dute Guardia Zibilak atxilotutakoekin izan ohi duen jarreraz: "Espainiako Guardia Zibilaren jardunbidea ezaguna da. Emakume horren tortura kasuak ez du zalantza handirik sortzen. Buruan poltsa, elektrodoak eta indarkeria sexista ohikoak izan dira", adierazi dute.

Restellini auzitegiko medikua da, Europako Kontseiluko kide ohia, eta Torturaren preentziorako Suitzako Kontseiluko lehendakaria izan zen. Staberock, bestalde, Torturaren Aurkako Mundu Erakundeko idazkari nagusia da.

Staberockek salatu duenez, "litekeena da Txapartegiren aurkako zigorraren oinarria torturapean lortutako frogak soilik izatea". Hori horrela izango balitz, "Suitzak ezingo luke estraditatu, nazioarteko zuzenbidearen aurkakoa litzatekeelako, baita Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren kontrakoa ere", adierazi du.

Sententziaren zain 

Txapartegiren auzia sententziaren zain dago: epaileek erabakiko dute Espainiako Estatura estraditatzen duten edo Suitzan geratzeko baimena ematen dioten. 

Azken egunetan, asteasuarraren egoera salatzeko hainbat ekimen egin dituzte: babes argazkia atera zuten igandean, Zelatunen; astartean, irailaren 20an, elkarretaratzea egin zuten Suitzako Kontsulatuaren aurrean, "Nekane Libre: Asilo politikoa orain, estradiziorik ez!" lelopean. Era berean, irailaren 24an, manifestazioa egingo dute Bernan (Suitza). Autobusean izena emateko joseba.txapar@gmail.com helbidera idatzi behar da.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!