Nolatan hartu duzu eskualdeko Korrikaren ardura?
Ni justu ikasturte honetan hasi naiz Andoaingo AEK euskaltegian lanean irakasle moduan. Horrekin lotuta, aurten, ea Korrikaren ardura hartuko al nuen esan zidaten. Aurreko Korrikan, kasualitatez, nire lehengusua izan zen arduraduna eta berak ere zerbait behar banuen lagunduko zidala esan zidan, orduan, baiezkoa esan nuen. Horren harira hartu dut ardura. Pandemia dela eta zalantzekin zer etorriko den ez dakigulako, baina gogotsu nago.
Denek jakin nahi izaten dutena. Noiz pasako da Korrika Tolosaldetik?
Tolosaldera apirilaren 8an iritsiko da, eta bi txandetan egongo da aukera Korrikan parte hartzeko. Lehendabizi, goizean iritsiko da eta Andoaindik Adunara etorrika da 09:30ak aldera. Gero, herriz herriko aurreikuspenak eginak daude nahiz eta ziurra ez izan. 09:50 aldera Zizurkilera iritsiko da. Villabonan 10:00ak aldera espero da, Irura 10:20, Anoeta eta Tolosara 10:40an sartuko da. 11:30ak aldera Albizturrerako bidea hartuko du. Tolosan dezenteko buelta egingo du, eta Bidania-Goiaztik Urola aldera pasako da.
Eta noiz izango da bigarren txanda?
Gauez etorriko da berriro Tolosaldera Goierri aldetik. Legorretatik Ikaztegietara sartuko da 21:20 aldera, eta Berastegitik Nafarroara pasako da. Ikaztegietatik, Alegia eta Altzo zehartuko eta Txaramara jaitsiko da, Tolosan sartu-atera txiki bat egingo du Ibarrara joateko. Gero, Berrobi, Elduain eta Berastegira joango da, eta ia 00:00ak izango dira Nafarroara pasatzerako.
Amurriotik Donostiara izango da aurtengo 22. Korrika, eta ‘Hitzekin’ da leloa.
Hitzetatik ekintzara pasatzea da adierazi nahi duguna, momentu hori. Euskaraz hitz egiteari ekiteko deia zabaldu nahi dugu, eta horregatik da hitz eta ekin lotuta: Hitzekin.
AEK-k antolatzen du Korrika, baina zein da helburua?
Askotan ez da garbi geratzen AEK-rekiko duen lotura, eta aldiro saiatzen gara hori azpimarratzen, zeren jendeari hori ahaztu egiten zaio. Bi helburu nagusi nabarmenduko genituzke. Batetik, euskararen aldeko kontzientzia indartzea eta bultzatzea, eta bestetik, AEK-ren euskaltegien eguneroko jarduna nabarmentzea eta horretarako diru bilketa bat egitea.
Euskara zabaltzeaz gain, dirua biltzea da garrantzitsua, ezta?
Bai, hori da.
Korrika herrietatik pasa dadin antolaketarako beharrezkoa da herrietan Korrika batzordeak sortzea. Zer izango da datozen egun edo asteetan egin beharrekoa?
Hasteko, herri bakoitzean batzordeak sortu beharko dira. Oraingoz, gu Gipuzkoa mailan ari gara biltzen, baina orain nik eskualdera ekarriko dut. Eskualdeko lehen batzordea hurrengo astean egingo dugu, hilaren 26an. Guztiz itxi gabe dago baina horren berri emango dugu.
Lehen bilera aipatu duzu, baina nola jartzen zarete euskaltzaleekin harremanetan?
Normalean aurreko Korrikako herrietako jende horrekin jartzen gara harremanetan, eta horiek aurtengo arduradunak izango ez badira ere, normalean herriko beste pertsonaren bat lotzen dute. Ez da deialdi zabal bat egin izan, baina Korrika pasako den herri bakoitzean batzorde bat egon dadin saiatzen gara. Herri askotan euskara taldeak ere izan ohi dira, eta hortik bideratu ohi dute jendea eta euskara taldea eta batzordearekin guztia antolatzen da.
Zer egiten da batzordean?
Lehenengo sortu, eta gero herrietan Korrika kulturala antolatzea izaten da, kilometroen kudeaketa egin, eragileekin kontaktatu ea kilometroa erosiko duten edo ez,... hori guztia.
Batzordetik aparte, nola lagundu daiteke Korrika?
Modu askotara hartu daiteke parte. Korrika diruz laguntzeko aukera ere bada. Horretarako lau modu daude. Korrika laguntzaile eginez, korrikalarien petoa erosiz, kontu korronte bidezko ekarpena eginez edo lekukoa eramanez. Eta Korrikan bertan lasterketan parte hartuz ere lagundu daiteke.
Korrika laguntzaile izan gaitezke, baina zer esan nahi du horrek?
Korrika laguntzailea AEK-ri egiten zaion diru ekarpena da. 12 euroko balioa du, eta behin hori ordainduta pin bat ematen dizute, baita txartela ere. Horri esker, abantaila batzuk dituzu. Esaterako, deskontuak daude Korrikako dendetan, eta oker ez banago zozketa batzuk ere egoten direla esango nuke.
Material ezberdina ateratzen duzue. Non erosi daitezke?
Gure eskualdean gertuena dugun tokia Andoaingo AEK izango litzateke, Plazaola kalean. Baina, aurten, Galtzaundiren egoitzan ere jarriko da materiala, eta bertan ere erosi ahal izango dira arropa eta osagarriak. Online ere bada denda. Gainerakoan, ekitaldi ezberdinak antolatzen direnean denda ibiltaria izaten da. Herri batean zerbait antolatzen bada beti jartzen da materiala salgai.
Urtebetez atzeratu behar izan da 22. Korrika. Egoerak uzten badu behintzat, ohiko Korrika izango da?
Aurreikuspenak egitea zaila da. Oraindik ez dakigu oso ondo zer pasako den, eta ea pandemiak nola eboluzionatzen duen. Printzipioz ohiko moduan antolatzeko asmoa dugu, eta gero ikusiko dugu moldatu behar den edo ez. Ohiko Korrika balitz moduan ari gara antolatzen, eta beharko balitz osasun egoerak eskatzen duen neurrietara egokituko genuke.
Korrikaren ezaugarri nagusia mezua daraman lekukoa eskuz esku pasatzen dela da. Oraingoan ere lekukoa eskuz esku ibiliko da?
Bai. Lekukoa eskuz esku pasako da, eta Euskal Herri osoan ibiliko da. Pandemiaren egoera baloratuko da neurri zehatzen bat hartu behar bada.