Martxoan hasiko dira herriko plaza berritzeko lanak

Ataria 2021eko otsailaren 5a

Bi fasetan egingo da obra: lehena martxoan hasiko da eta bigarrena, berriz, urte amaieran.

Guztira lau enpresa aurkeztu ziren herriko plazako obra egiteko proposamenarekin eta aukera egokiena hautatzeko prozedura jarraitzen ari da Anoetako Udala. Berritze obra bi fasetan egingo da: lehenengo, plazako irisgarritasuna hobetzeko lanak egingo dira. Martxoaren hasieran ekingo diote lanari eta lau edo bost hilabete iraungo ditu lehen faseak. Bigarren fasean, berriz, plazarako estalki berdea egingo da. Aurreikuspena da obra lanak urte honen amaieran edo datorrenaren hasieran hastea; azken horiek hilabete inguru bakarrik iraungo dute.

Udalak obra egiteko 171.262 euroko diru laguntza jaso du Eusko Jaurlaritzatik. Horren bitartez, gutxi gorabehera obraren herena ordainduko du; kostu osoa 489.321 eurokoa da. Herritarrek lanen nondik norakoak jakin eta azken emaitza irudika dezaten, obraren planoaren kartel informatibo bat ere jarriko du udalak herriko plazan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!