Plaza eraberritzeko, irisgarritasuna hobetu eta estalpea jarriko dute

Jon Miranda Labaien 2020ko aza. 18a, 11:58

Anoetako Udalak 171.000 euroko diru laguntza jaso du Erein programaren bitartez; datorren astean baldintza pleguak publikatu eta urte hasieran esleituko dituzte lanak

Anoetako Udalak datorren urtean egingo ditu herriko plaza eraberritzeko lanak. Gaur egungo plazaren eta futbol zelaiaren artean dagoen koska berdindu, irisgarritasuna hobetu, komunak berritu, materiala gordetzeko espazio bat egokitu eta plazaren alde batean estalpea jarriko dute. 490.000 euroko inbertsioa egingo du udalak eta kopuru horri aurre egiteko 171.000 euroko laguntza jaso du, Eusko Jaurlaritzak landa eremuak sustatu eta garatzeko entitate publikoei zuzendutako Erein laguntzen barruan.

Behin lanak amaitzen direnean, gaur egun Anoetako plazan bereizita ageri diren bi espazioak «lotuta» geratuko dira Pello Estanga alkatearen hitzetan. «Plaza egin zutenean behin-behinekoa zena urte luzeetan geratu da horrela. Orain da momentua inguru hori egokitzeko. Plazatik futbol zelairako irisgarritasuna oso txarra da. Alde batera eskailerak daude eta beste aldera arrapala arriskutsu bat. Lan hauekin metro eta erdiko koska hori berdindu egingo dugu».

Anoetako Udalak parte hartze prozesua jarri zuen martxan 2018. urte amaieran plazan estalpe bat jartzeko egokitasunaz erabakitzeko. Adostasun zabala erakutsi zuten herritarrek baina bidean behar berriak azaleratu zitzaizkien: «Proiektua idazteaz arduratu den Nahikari Calleja herritarrak ekarri zigun proposamena. Plazako bi maila horiek berdintzea egoki ikusten zuen, batez ere irisgarritasun ikuspegitik. Prozesuan parte hartu zuten herritarrei gaia planteatu genienean begi onez ikusi zuten. Bagenekien horrek, aurreikusitakoa baino gastu handiagoa ekarriko zuela, baina udaletik pentsatu genuen merezi zuela. Apustua egin behar genuela».

Datorren urterako asmoa

Callejarekin batera Leire Malkorrak eta Isaura Rodriguezek osatzen dute Zür studio. Zurezko eraikuntzan, arkitektura eta hirigintza jasangarri eta inklusiboan lan egiten duen arkitektura estudioak idatzi du plaza eraberritzeko proiektua. Estangaren esanetan, gazte hauen aldeko «apustua» egitea erabaki du udalak, «ikusita tartean herritar bat ere badabilela».

Orain idatzitako proiektua errealitate bihurtzeko ordua iritsi da. Lanak 2020an egiteko konpromisoa hartua zuen udalbatzak, baina pandemia tarteko, epeak atzeratu egin direla aipatu du alkateak: «Gainera, estalpea elizaren ondoan joango denez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ondare Historiko-Artistikoaren eta Artxiboen Zerbitzuaren baimena behar genuen lanak hasteko. Kontu horrekin ere atzeratu zaizkigu lanak, baina gauzak ongi bidean 2021eko lehen hilabeteetan ekingo diogu obrari».

Datorren azaroaren 23an ohiko osoko bilkuran plaza eraberritzeko proiektuaren obrak egiteko baldintza pleguak onartu eta hilabeteko epean proposamenak jaso ondoren, lanak urtarrila amaieran esleituko dituzte. Proiektuak osotasunean izango duen gastuaren zati handi bat %35 inguru, Eusko Jaurlaritzatik jasotako diru laguntzarekin estaliko dute. Alkateak aurreratu duenez, irisgarritasuna hobetzeko beste hainbat laguntzetara ere aurkeztuko da udala: «Diru sarrera gutxiago izango dugu aurten eta finantziaziorako eskaintzen zaizkigun aukera guztiak baliatuko ditugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!