Gaikako bilketa tasa behera doa Anoetan

Tolosaldeko Ataria 2020ko abe. 22a, 07:58

Abendura bitarteko datuak aztertuko dituzte eta tasak %74tik behera jarraitzen badu, errefusa atez ate biltzera bueltatuko dira.

Azken hilabeteetan hondakinen gaikako bilketa tasak beherako joera hartu du. Urrian egindako azken neurketaren arabera, %66,22koa da birziklatze tasa Anoetan. Udalak informazio orriak banatu ditu etxez etxe, hondakinen inguruko azken berriak emateko.

Anoetan azken hilabeteetan errefusaren kopuruak gora egin du, udalak banatu duen esku orrian aipatzen duenez, 15.000 kilo errefus bildu ziren urrian, esate baterako. "COVID-19an positibo emandako etxeetan hondakin guztiak errefusaren edukiontzira botatzeko agindua badago ere, izan dira positiborik gabeko hilabeteak (iraila, esate baterako) eta errefusa kopurua, hala ere, esanguratsua da".

Horrek eragin du, besteak beste, gaikako bilketa tasaren ehunekoak behera egitea. Urtarrilean %74,05ekoa izan zen, apirilean %61,23koa, uztailean %69,36koa eta urrian %66,22koa. Uztailean Anoetako Udalean ordezkaritza duten EH Bilduk eta EAJk akordioa izenpetu zuten. Abendura bitartean errefusa edukiontzi bitartez biltzen jarraitzea, hondakinen sentsibilizazio kanpainak indartzea eta jarraipen zorrotza egitea adostu zuten. Bide batez, epealdi horretan, uztailetik abendura, birziklatze tasa %74tik jaisten baldin bazen, errefusa atez ate biltzera bueltatuko zirela ere erabaki zuten elkarrekin bi alderdiek.

Abendura bitartean datuen jarraipena egiten segituko dute tasak zein eboluzio duen ikusteko, eta bidez batez, kalean tokiz kanpo eta sailkatu gabe utzitako hondakin poltsak ere gertutik jarraituko dituzte. Udalak aipatu duenez, Tolosaldeko Mankomunitatea osatzen duten udalen eremuan hondakinak bildu eta tratatzeko ordenantzaren arabera, arau hausteak 90 euro eta 45.000 euro arteko isunekin zigortu daitezke. "Debekatuta dago, beraz, hondakinak lurrean eta tokiz kanpo uztea".

Anoetako Udalak, bestalde, jakinarazi du hondakinen tasa hilean 1,45 euro igoko dela 2021. urtean, beraz, aurrerantzean hiruhileko kostua, 33,25 eurokoa izango da, urte osokoa, 133,4 eurokoa. "Hondakinen kudeaketak gastua handia dakarkio udalari. Anoetak aurten, 2020an, 72.844 euroko defizita du eta hau gutxitzen joatea ezinbestekoa da, udalak herritarren ongizatea bermatzeko bestelako inbertsioak egiten jarrai dezan".

Amaitzeko herritarren artean banatutako esku orrian aurten egin dituzten auzokopostaren analisiaren emaitzak eman dituzte ezagutzera. Anoetan kategoria goreneko konposta lortu dute. "Eredu honekin jarraitzeko bultzada ederra da, zorionak erabiltzaile guztiei".

Anoetako udal bulegoetan, ingurumen sailean, herritarrei beharrezko informazioa emateko prest dira: 943 65 12 00 (6 luzapenarekin) edota ingurumena@anoeta.eus helbidean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!