Errefusaren edukiontziaz akordioa lortu dute bi alderdiek

Jon Miranda Labaien 2020ko uzt. 15a, 09:07

Anoetako EH Bildu eta EAJko udal taldeek errefusarako edukiontziak sei hilabetez mantentzea adostu dute, tasa igotzeko baldintzapean.

Bizi izan dugun salbuespen egoera honek hondakinen gaiarekin sortu izan diren elkarbizitza eta osasun arazoak bideratzeko aukera ematen diela uste dute Anoetako Udala osatzen duten bi alderdiek. Horregatik errefusaren edukiontziekin jarraitzea erabaki dute 2020ko abendura arte. Sei hilabete horietan hondakinen sentsibilizazio kanpainak indartzea eta jarraipen zorrotza egitea adostu dute EH Bilduk eta EAJk.

Aitzol Esnaola zinegotziak azaldu duenez, alde batetik, edukiontzietako hondakinak behar bezala sailkatuta dauden jakiteko azterketak egitea adostu dute; «bestetik, tokiz kanpo agertzen diren poltsei zuzeneko jarraipena egingo zaie». Errefusaren edukiontziak jarrita gaikako bilketaren datuak okertzen badira, birziklatze tasa %74tik jaisten bada, errefusa atez ate biltzera bueltatuko dira Anoetan.

EAJko zinegotzi Agurtzane Nuñezek adierazi du azken urteetako gaikako bilketaren datuak onak izan direla eta datu horiei eutsi eta tasa hobetzeak izan behar duela denen helburua: «Ahalik eta daturik onenak lortzea da guztion helburua eta helburu hori lortu ahal izateko konpromisoa hartu behar du udalak eta baita herritar bakoitzak ere». Kezka agertu dute zinegotziek gaikako bilketaren azken bi hilabeteetako datuak ez direlako onak eta arreta jarri dute kalean zabor poltsak uzteko joera egonkortu egin delako, «honek elkarbizitza, garbitasun eta osasun arazoak ekarri ditu». Behar ez den lekuan eta behar bezala sailkatu gabe agertzen diren zabor poltsa horiek desagerraraztea «lehentasunezkoa» dela uste dute EH Bilduko eta EAJko udal taldeek.

Alarma egoeran, tasaren jaitsiera

Azken urte hauetan Anoetan gaikako bilketan %70etik gorako datuak lortu dituzte Maddi Sarasola ingurumen teknikariak aipatutakoaren arabera. "2019an, bataz beste, %73,3ko gaikako bilketa datua izan genuen eta 2020. urtea ere %74-72ko datuekin hasi genuen. Datu hori azpimarratzekoa da, izan ere, Europar Batasunaren zuzentarauetan oinarrituta dagoen Gipuzkoako Hondakinen Planak 2030erako finkatua duen helburua da. Beraz, esan genezake Anoetan, jada, helburu hori betetzen dugula".

COVID-19ak eragindako alarma egoeran hartu diren erabakiek, ordea, datuak eraldatu dituzte. Apirilean %61,34eko birziklatze tasa zenbatu zuten eta maiatzean %62,97koa. 2013ko hondakinen gaikako bilketa sisteman aldaketak egin zirenetik izan diren daturik "baxuenak" direla azpimarratu du Sarasolak, "nahiz eta 2016ko urrian ere izan zen %61eko tasa".

Anoetako Udalak orain hartu dituen erabakiekin, birziklatze tasa bere onera etortzea espero dute udal ordezkariek eta Sarasolak gogorarazi du, gaikako bilketa datu hauek Tolosaldeko Mankomunitateak kudeatzen dituen hondakinenak direla, kanpo geratzen direla herrian bertan konpostatzen duten hondakin organikoa: "Landa eremuko 60 etxetan etxe bakoitzak kudeatzen du organikoa eta kaleko etxeetatik 183 dira, herrian zehar barreiatuta dauden 10 auzokonposta guneetan konposta egiten dutenak. Beraz, Anoetan etxeen %27,15ak hartzen du parte herriko konpostan". Mankomunitateak emandako datu horiei beste 2,5 puntu gehitu beharko litzaizkioke, herrian kudeatzen den organiko kopurua kontuan hartuko balitz, "hala, 2019n bataz beste %75,78koa litzateke".

Herrian bertan kudeatzen dute herrian sortzen duten organikoa eta hondakin hori herriko lorategietarako ongarri bihurtzen da. "Garraio gasturik gabe, honen kutsadurarik gabe, auzokonpostaren eredu honek bere baitan biltzen ditu ekonomia ekologikoaren eta ekonomia zirkularraren oinarriak", esan du ingurumen teknikariak.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!