Eraso sexista bat salatzeko elkarretaratzea deitu dute Anoetan

Tolosaldeko Ataria 2020ko urr. 16a, 11:44

Matraka talde feministak egin du deialdia. Anoetako plazan 19:00etan elkartuko dira "Erasoen aurrean, autodefentsa feminista" lelopean. Udalak ere bat egin du mobilizazioarekin.

Atzo jakin zuen herriko talde feministak emakume batek asteartean jasandako erasoa salatu zuela.

Matrakako kideek eraso hori salatzeko deia egin diete anoetarrei. "Erasoen aurrean, autodefentsa feminista aldarrikatzen dugu, eta horretarako egingo dugu gaurko elkarretaratzea". Anoetako plazan egingo dute, gaur, urriak 16, 19:00etan.

"Beste hainbat erasoetan bezala, sistema honetan badakigu emakumeok erasoak egunero jasaten ditugu, intentsitate ezberdinetakoak. Kasu honetan emakume honek salatzeko pausoa eman du eta eraso guzti hauei ikusgarritasuna emateko beharra ikusten dugu. Herritar guztion beharra dugu egoera salatu eta sistema hau iraultzeko", esan dute Matraka talde feministako kideek.

Eraso sexista salatzen denetik 24 orduko epean egin ohi dute elkarretaratzea Anoetan. Herritar guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera: "Erasorik ez, erantzunik gabe".

Udalaren gaitzespena

Anoetako Udalak "erabateko gaitzespena" adierazi du astearte gauean Anoetako emakume batek jasan zuen eraso sexistaren aurrean eta emakumeari bere babes osoa adierazi dio.

"Anoetako Udalak argi utzi nahi du ez duela emakumeen aurkako inolako erasorik onartzen", esan du ohar batean. "Eraso sexistak ez dira inolaz ere gertaera puntualak, edozein testuingurutan edozein emakumeri gerta dakizkioke eta, horregatik, Anoetako Udaletik lanean jarraituko dugu herri feminista bat lortzeko bidean, Anoetan emakumeak aske senti daitezen edozein eremutan, izan espazio publikoan edo pribatuan".

Udalak bat egin du Matraka talde feministak arratsalderako deitutako elkarretaratzearekin. "Jendarte bezala ere erantzun irmoa ematea dagokigula uste dugu eta, beraz, herritar guztiei dei egiten diegu bertan parte hartu dezaten eta egunerokotasunean ere, edozein erasoren aurrean jarrera aktiboa izan dezaten".

Erlazionatuak

Eraso sexista salatu dute Anoetan

Tolosaldeko Ataria 2020 urr 16 Anoeta

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!