Maider Mendizabal Munduko Pilota Txapelketaren finalean

Asier Imaz 2018ko urriaren 19a

1-2 irabazi du Mexikoren aurkako finalaurrekoa, Amaia Irazustabarrenarekin bikotea osatuz, gomazko paletan 30 metroko frontoian. Finala bihar 10:00etan izango da.

Partida luzea eta gogorra jokatu dute Maider Mendizabalek eta Amaia Irazustabarrenak, Munduko Euskal Pilota Txapelketaren finalaurrekoan. Mexiko zuten aurkari gaur eguerdian, eta lehen set-a 15-9 galdu dute. Mexikarrek segurutik jo dute, pilota galdu gabe jokatuz. Maider Mendizabali kosta egin zaio partidari neurria hartzea, eta hainbat pilota galdu ondoren, markagailuan ihes egin diete erraz mexikarrek (5-4; 10-4; 14-6).

Bigarren set-a borrokatuagoa izan da. Berdinketak nagusitu dira, eta 8nakoan, euskaldunek hautsi eta zabaldu dute tartea. Hiru tantoko aldea zabaldu dute eta errentari eutsi diote 15.era iritsi arte.

Hirugarren eta azken set-a 10 tantora jokatu da. Mexikarrak 4-1 aurreratu dira hasi orduko. Mendizabalek eta Irazustabarrenak ez dute etsi eta partida berdintzea lortu dute: launa aurrena, bosna ondoren eta seina azkenik. Hori iritsi da partidako gakoa, 6-7koarekin hartu dute euskaldunek aurrea, eta ez diote ihes egiten utzi. Amaieran, 8-10.

Finala larunbatean jokatuko da, 10:00etan, eta zuzenean jarraitzeko aukera dago. 13:00etan Eneko Maizek jokatuko du, Baptiste Ducassou angelutarraren aurka.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!