Eneko Maizek Munduko Txapelketako finala jokatuko du

Ataria 2018ko urriaren 18a

John Silver Linares kubatarraren aurka aise irabazi du billabonatarrak finalaurrekoan, 2-0. Frantziaren aurka jokatuko du finala, larunbatean.

Eneko Maiz billabonatarrak ez dio aukerarik eman John Silver Linares kubatarrari. Erabat nagusitu zaio, hasieratik. Sakez tanto ugari egin ditu Maizek, eta ordu erdi eskasean lortu du finalerako txartela. Bi jokoak irabazi ditu Behar Zanako pilotariak, 15-4 eta 15-5.

Finala larunbatean jokatuko du, 13:00etan, Baptiste Ducassou angelutarraren aurka. Hain zuzen, Maizen finalaurrekoaren aurretik jokatu du Frantziak, Mexikoren aurka. Ducassou 15-8 eta 15-5 gailendu da, Saul Cabelloren aurka.

Bihar, Maider Mendizabalen txanda

Maider Mendizabal anoetarrak bihar jokatuko du finalaurrekoa. Amaia Irazustabarrenarekin bikotea osatuz, bigarren amaitu dute A multzoko ligaxka, hiru neurketak irabazi dituen Frantziaren atzetik. Mexiko izango dute aurkari, eta hauek ere hiru neurketak irabaztetik datoz: 2-0 Txileri (15-8 eta 15-10), 2-0 Peruri (15-3 eta 15-1) eta 2-1 Argentinari (15-12, 14-15 eta 8-10). Bihar jokatuko da finalaurrekoa 12:00etan. Beste finalaurrekoa, Frantziak eta Argentinak jokatuko dute, ostiralean bertan, 13:00etan. Finala larunbatean jokatuko da, 11:00etan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!