Irmo salatu du, Anoetak, ostiraleko eraso matxista

Ataria 2018ko apirilaren 23a

Elkarretaratze jendetsua izan da, ostiraleko erasoa eta Gasteizko erailketak salatzeko.

Joan den ostiralean Anoetan gertatutako eraso matxista eta Gasteizen ostiralean bi emakume erail izana salatzeko, elkarretaratzea egin dute udaletxe aurrean, 19:30ean. Anoetako Udalak eta Anoetako Emakume Taldeak elkarrekin antolatu dute mobilizazioa, eta herritarrak gonbidatu dituzte elkarretaratzean parte hartzera, «guztion eskubidea baita parekidetasunean oinarritutako jendartearen parte izatea eta, guztion ardura, berau eraikitzea».

Ostiral arratsaldean, erasoa gertatu izanaren zurrumurrua herrian zabaldu bezain laster, Ertzaintzara deitu zuen Pello Estanga Anoetako alkateak, gertaeren berri lehen eskutik jakiteko. Iloba batek izeba erasotu zuen eta honek, babesteko, bere burua giltzapetu zuen etxe barruan. Erasotu eta erasotzailearen artean bikote harremanik ez dagoenez, Ertzaintzak ez du genero indarkeriaren protokoloa martxan jarri.

Anoetako Udala eta Anoetako Emakume Taldea erasoari zein erantzun eman erabakitzeko larunbatean elkartu ziren eta «irmoki» gaitzetsi zuten ostiraleko erasoa. Igandean, Josune Eizmendi Parekidetasun zinegotzia erasotutako emakumearekin bildu zen, hari udalaren laguntza eta babesa eskaintzeko.

Horrela, Anoetako Udalak azaldu du feminismoaren bidetik lanean jarraituko duela, eta indarkeria matxistaren aurka lanean jarraitzeko konpromisoa erakutsi du. Hain justu, Anoetako Udala eta herriko eragileak genero indarkeria eta eraso sexisten aurkako protokoloa lantzen ari dira eta atzo zuten prozesuaren azken bilera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!