Indarkeria matxista kasu bat gertatu da Anoetan

Ataria 2018ko apirilaren 23a

Ostiral arratsaldean iloba batek izeba erasotu zuen. Anoetako Udalak eta Anoetako Emakume Taldeak, elkarrekin, elkarretaratzea deitu dute erasoa salatzeko, gaur, 19:30ean udaletxe aurrean.

Ostiral arratsaldean, erasoa gertatu izanaren zurrumurrua herrian zabaldu bezain laster, Ertzaintzara deitu zuen Pello Estanga Anoetako alkateak, gertaeren berri lehen eskutik jakiteko. Iloba batek izeba erasotu zuen eta honek, babesteko, bere burua giltzapetu zuen etxe barruan. Erasotu eta erasotzailearen artean bikote harremana ez dagoenez, Ertzaintzak ez du genero indarkeriaren protokoloa martxan jarri.

Anoetako Udala eta Anoetako Emakume Taldea erasoari zein erantzun eman erabakitzeko larunbatean elkartu ziren eta "irmoki" gaitzetsi zuten ostiraleko erasoa. Atzo Josune Eizmendi Parekidetasun zinegotzia erasotua izan zen emakumearekin bildu zen, hari udalaren laguntza eta babesa eskaintzeko. Anoetako Udalak feminismoaren bidetik lanean jarraituko duela adierazi du eta indarkeri matxistaren aurka lanean jarraitzeko konpromisoa erakutsi du. Hain justu, Anoetako Udala eta herriko eragileak genero indarkeria eta eraso sexisten aurkako protokoloa lantzen ari da eta gaur dute prozesuaren azken bilera.

Anoetan gertatutako erasoa eta Gasteizen ostiralean bi emakume erail zituztela salatzeko elkarretaratzea egingo dute gaur, udaletxe aurrean, 19:30ean. Anoetako Udalak eta Anoetako Emakume Taldeak herritarrak gonbidatu dituzte elkarretaratzean parte hartzea, "guztion eskubidea baita parekidetasunean oinarritutako jendartearen parte izatea, guztion ardura, berau eraikitzea".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!