«Gutxi emanez asko lagundu dezakegu»

Iñigo Terradillos 2018ko martxoaren 6a

Ainhoa Gabirondo eta Txomin Urdanpileta anoetarrek haur sahararrak hartu izan dituzte euren etxeetan, Oporrak Bakean programari esker. Bost familiak eman dute izenaa dagoeneko Oporrak Bakean programan Tolosaldean, eta beste 10 behar dira.

Ainhoa Gabirondo anoetarrak iaz izan zuen lehen aldiz udan haur saharar bat bere etxean. Moulud izena du, eta aurten ere Anoetara etortzea espero dute. Txomin Urdanpileta anoetarraren etxean, berriz, bigarren urtez etorri zen Fatma errefuxiatuen kanpalekuetatik, eta aurten ere uda berarekin igarotzea nahi dute.

Oporrak Bakean programari esker, 10 eta 12 urte bitarteko ehunka gaztetxok aukera dute udako bi hilabete gurean igarotzeko, errefuxiatuen kanpalekuetako tenperatura gogorrak ekidinez, elikadura osatuagoa jasoz eta osasun arreta hartuz. Horretarako, baina, harrera familiak behar dira.

Ainhoak eta Txominek kontatu diguten moduan, ez du zailtasun handirik etxean haur saharar bat hartzeak, eta gaztetxoari laguntzearekin batera, "trukean beraiengatik asko jasotzen duzu".

Udaletako gizarte zerbitzuetara edo Tolosaldea Sahararekin elkartera jo daiteke programaren inguruko informazio jasotzera. Gainera, informazio puntua ere jarriko dute, Tolosako kultur etxean, martxoaren 16an, 17:30etik 19:30era.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!