"Ikasleek sentitzen dute ikasten duten horrek baduela zentzu bat"

Ataria 2017ko abenduaren 20a

Jolas eta ekin proiektuan aritzen da lanean Pello Sarasua. Tdh–Gizakien Lurra fundazioak InteRed eta Serso erakundeekin batera daraman egitasmoa da eta hainbat ikastetxeetan jarduten dute, tartean, Anoetako Herri Ikastolan, garapenerako hezkuntza eraldatzaile bat bultzatuz.

Zein da zuek ikastetxeetan egiten duzuen lana?

Nolabait, gure helburua da ikasgaietan lantzen dituzten gaiak ez izatea zerbait teorikoa, beraiek ere ikustea praktikara eramateko bide bat badagoela. Hartzaile izatetik, parte hartzaile eta ekintzaile izatera pasa daitezela ikasleak. Gai honekin, Kongoren gatazkarekin, gizarte ikasgaian lantzen duten gai bat izanik, nahi genuen ikastetxetik atera eta mugikorren bilketa herri mailako ekintza bat bihurtzea.

Aurretik ere landu izan dute material hau bera Anoetako Herri Ikastolako ikasleek, ezta?

Bai. Alboanen kanpaina, Ikastolen Elkartean erabiltzen duten EKI materialean, DBH3ko gizarteko ikasgaian dago sartua. Kanpaina honen eta Kongoko gatazkaren inguruan lanketa egiten da eta proposatzen da ekintza bat egitea: mugikorren bilketa. Askotan gertatzen da, haien ikastetxeetara mugatzen dela, kutxak bertan jartzen direla eta hor bukatzen dela kontua. Kasu honetan nahi izan dugu ikasleek beraiek kontatzea herritarrei zertan den kanpaina eta herri mailako ekintza bat egitea. 

Zein da zuen eginkizuna ikastolan?

Guk bigarren urtea daramagu, ez kanpaina honekin bakarrik bakerako hezkuntza, aniztasuna eta kulturartekotasunaren gaiak jorratzen ditugu. Ikasgaietan aipatzen diren gai batzuk beste modu batzuetara lantzea proposatzen dugu, dinamika eta jolasen bidez, barneratzeko askotan errazagoa izaten baita bizipen batzuk sortzea, horrela gai horiek hobeto barneratzen dituzte. Kasu batzuetan horrelako parte hartzea bultzatzen duten kanpainak eta ekintzak egitea proposatzen dugu. Ez da beti posible izatean, baina aukera daukagunean egiten dugu. Anoetako ikastetxean baldintza oso egokiak ematen dira horretarako: herria oso prest dagoelako horrelako gauzak egiteko eta ikastetxeak ere horrelako ekimenen aurrean oso jarrera positiboa duelako.

Zer nola erantzuten dute ikasleek?

Ikasleentzat motibagarria da. Nik gehienbat irakasleekin egiten dut lana eta gero irakasleek egiten dute lana ikasleekin. Askotan falta izaten zait ikasleen jarrera hori ikustea. Bai kasu honetan eta beste kasu batzuetan ere, ikasleek sentitzen dute ikasten duten horrek baduela zentzu bat. Bestela geratzen da eskolan gainditu beharreko ikasgai bezala. Eta horri buelta eman behar zaio. Norbaiti kontatu behar badiote zerbait, sentitu edo bizitzen badute zerbait, beraiek transmititzeko ardura hartzen dute. Eta ekintza gelatik kanpokoa bada motibazio berezi bat sortzen zaie. Horrekin batera lantzen dira beste hainbat gauza: gaur ikusi dugu komunikazio ariketa bat, zuekin, prentsaren aurrean, elkarrizketa bat eman beharrean tokatu dira eta seguruenik lehen aldia izango zen hauentzat. Ikusten dira egoera berri horietan eta izan daiteke trebatze bat, beraien bizitzarako baliagarria izango dena. Gaur egun asko hitz egiten da konpetentzia eta gaitasunaz eta horiek garatzeko bide bat izan daiteke.

Guztiok ez ditugu trebezia berdina.

Bai, horretan ere, besteoi gertatzen zaiguna gertatzen zaie ikasleei, trebatu egin behar direla. Espazio hauek baliatu behar dira trebakuntzarako. Familiarte inguru batean gaude eta errazagoa da hor probatzea. Hor ikusten dira pertsonen gaitasunak eta denak ez dauzkagu berdinak. Horregatik, saiatzen gara, zertan parte hartu nahi duen zehazten. Kanpaina honetan, adibidez, batzuk hemen aurkezpena egiten egon dira, besteak bideoa editatu dute eta beste batzuk kartelak diseinatu dituzte. 50 ikasle izan dira guztira eta guztiontzako egon da zeregin bat. Norbera zertan sentitu den erosoago horretan aritu dira.

Aurrera begira zer asmo dituzue?

Lehengo urtea lurrartze modu bat izan zen. Ikastetxeak gure lana ezagutzeko eta guk ikastetxea ezagutzeko. Lana gehienbat gela barruan egiten da. Aurrena DBHko lehenengo mailakoekin bizikidetza eta aniztasunaren inguruko saioak egin genituen, aurten ere, taldekideen arteko harremanak landu ditugu jolasen bidez. DBHko hirugarren mailan kanpaina hau garatu dugu eta aurten herrira salto egin nahi izan dugu, ikasgelatik kanpora. Eta DBHko laugarren mailakoekin, oraindik ez dago erabat zehaztua, baina antzeko zerbait egin nahi dugu. Ikasketa eta zerbitzua izeneko metodologia erabiltzen dugu eta zerbitzu bat egiten dugun bitartean ikastea da helburua. Udalarekin edo elkarterekin batera jo eta beharren bat planteatuz proiektu batekin erantzun beharko diote ikasleek, modu xumean. Kanpaina honetan Alboan GKEa izan da kontra partea, beraien behar bati erantzuna emateko, horrelako zerbait herri mailan egiten saiatuko gara. Udaberrirako ea zerbait ateratzen den.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!