Elkartasun keinua eskatu diete herritarrei

Ataria 2017ko abenduaren 20a

Anoetako Herri Ikastolako DBHko hirugarren mailako ikasleek gatazkarik gabeko teknologiaren aldeko kanpaina bat abiatu dute. Mugikor eta kargagailu zaharrak bilduko dituzte Irura eta Anoetako zenbait puntutan urtarrilaren 8ra arte.

Alboan Gobernuz Kanpoko Erakundearen Gatazkarik gabeko teknologia kanpainarekin bat egin du Anoetako Herri Ikastolak. Mugikorrek, tabletek eta ordenagailuek Kongoko Errepublika Demokratikoko ekialdeko gerrarekin duten lotura azaltzea da egitasmoaren helburua eta kanpainaren barruan, erabilitako mugikorren bilketa egingo dute ikastolan bertan eta udaletxean, eta Anoetako eta Irurako hainbat saltokitan.

Munduko meatzaritza gune garrantzitsuenetako bat da Kongoko Errepublika Demokratikoa. Han dago koltanaren munduko erreserben % 80; mineral hori gabe ezinezkoa litzateke teknologia berrien iraultza, bereziki mugikorrena. Anoetako ikastolako DBHko ikasleek esan dutenez, "koltana beharrezkoa da mugikorrek soinua egin eta dar-dar egin dezaten". Mineralen erauzketa, prozesamendua eta salmenta talde armatuek kontrolatzen dute, eta Alboan GKEk aipatu duenez, "infernurik okerrena bilakatu dute Kongo azkenaldian. Izan ere, bost milioi lagun baino gehiago hil dira 1998tik; 2013an soilik, milioi bat lagun lekualdatu dira; eta, urtean, ehun mila emakume baino gehiago bortxatzen dituzte".

Aurreko urteetan mugikor zaharren bilketa ikastolan bertan egin dute, baina kanpaina, aurten, herri osora zabaltzea erabaki dute. Horretarako 50 ikasle inguru aritu dira lanean eta herrian zehar kartelak jarri dituzte eta Instagramen @savekongo izeneko kontua sortu dute. Bideo bat ere prestatu dute abenduaren 13an Anoetako udaletxean egindako aurkezpenean erakutsi zieten bertaratutako herritarrei.

Azalpenak eman ondoren kanpaina honetan parte hartu eta mugikor eta kargagailu zaharrak kutxatan uzteko eskaera luzatu zieten anoetarrei. Bildutako guztia Alboan GKEri bideratuko diote eta haiek, mugikor zaharrak birziklatzera bideratu dituzte. Lortutako dirua Kongon bortxatu dituzten emakumeei laguntza psikologikoa emateko, umeei eskolara joateko aukera emateko eta bertako familiei diru laguntzak eskaintzeko baliatuko dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!