Zuretzako zer da parekoa?
Oier: Arreba, eta berarekin edozer gauza egiterik dagoen pertsona bat.
Eider: Anaia. Uste dut horrekin asko esaten dudala.
Nola definituko zenuke?
Oier: Gauzak oso garbi dituen pertsona alai bat.
Eider: Alaia eta abenturazalea. Berdin dio bizikletarekin, mendian, asteburu pasa edo itsasora joateko apuntatzen den horietakoa.
Zer ezaugarri positibo nabarmenduko zenuke parekoaz?
Oier: Edozer gauzetara apuntatzen den horietakoa dela. Neure antzera, kirolzalea da, eta mendia ere oso gustuko du. Esanez gero asteburu pasa furgonetarekin joateko, beti prest egoten da. Oso positiboa ikusten dut hori.
Eider: Gauzak lortu arte mantentzen duen diziplina.
Zerbait ez hain positiboa parekoaz?
Oier: Kalean uso eta etxean otso dela! Etxean ateratzen duen malaletxearekin kontuz ibili behar izaten dugu!
Eider: Gauza batzuetarako nahiko neurrigabea dela!
Nora joango zinateke gustura parekoarekin?
Oier: Monacora 1 Formula ikustera. Oso gustuko du, eta furgoneta hartuta oso gustura joango nintzateke.
Eider: Edozein lekutara. Berdin zait Pirinioetara asteburu pasa joan, edo etxe inguruko hainbat lekutara. Berarekin beti gustura!
Berarekin pasatako une bereziren bat.
Oier: Asko etortzen zaizkit burura, baina, bat esatekotan, 2023an Coruñan (Galizia) estropada bat jokatzen zuen, eta ostiral goizean joan behar zuten talde guztiek. Lanagatik, ezin zuen joan goizean, eta nik aipatu nion furgoneta hartuta biak joango ginela arratsaldean. Lanetik ateratzean, sei orduko bidaia egin genuen. Furgonetarekin egin genuen lehen bidaia izan zen gainera. Oso oroitzapen polita daukat hartaz.
Eider: Orain dela gutxi bizitako bat esango dut. Bere lehenengo Zegama-Aizkorri izan zen aurtengoa, eta oso polita izan zen.