Sara Gomez, lehengusina
Egin dituzun lorpen horiek eta bete dituzun amets horiek guztiak eta gero, zer esango zenioke frontoian, pilotan, horrenbeste ordu pasatzen zituen ume txiki hari?
Galdera ona. Esango nioke gogoratzen naizela zer ilusioa eta zer pasioa zen niretzat pilota. Gogoratzen naiz asteburuan partidan aurkari izango zenarekin ametsetan egiten nuela. Niretzako pilota beti izan da sekulakoa, eta uste dut hori dela sekretua gero bide polit bat egiteko. Ez bazaizu asko gustatzen oso zaila dela iruditzen zait. Nire txikitako momentuetatik ez nuke ezer aldatuko. Oso zoriontsu nintzen, eta ume hari esango nioke iruditzen zaidala gaztaro oso ona eta polita eduki zuela, eta horregatik ere lortu ditudala gaur egun lortu ditudanak pilotan.
Xabi Labaien, laguna
Bideo batean jasota geratu da nola ospatu genuen Bizkaia frontoian azken txapela elkarrekin saltoka. Zer sentitu zenuen une horretan?
Izan dudan momenturik politenetakoa. Orain arte, txapeldun atera nintzenetan ere, elkarrizketa egin eta segituan bueltan. Eta nahi nuen nire inguruko guztiekin, sentitzen dudan babesarengatik, kantxan argazkia ateratzea. Gero, kantuan saltoka aritzea momentuko gauza bat izan zen, oso polita. Dena daukat beraiei eskertzeko. Beraiek ere disfrutatzen ikusten ditut, eta horrelako egunetan ere ezberdin ikusten ditut beraiek ere, eta horrek niri lagundu egiten dit. Finalerdietan irabazi eta gero, bidali izan dizkidate mezuak horrelako egunak bizitzeagatik, eta niretzako horrek ez du preziorik, eta oso eskertuta nago.
Beñat Beloki, laguna eta Zazpi Iturri pilota elkarteko arduraduna
Jokin Altunarekin batera
Gu haurrei erakusten aritzen garenez, orain mundu honetan hasi den ume bati zer aholku emango zenioke?
Disfrutatzeko, ondo pasatzeko, ez aritzeko gerora begira. Ikusten ditut klubean umeak pilotan ibiltzea asko gustatzen zaiena eta hor segitzeko. Gaur egun umeak gehiago ikusten ditut, disfrutatzearekin baino irabaztearekin, galtzearekin, ez dakit noraino iristearekin. Eta iruditzen zait hortik etortzen direla gero frustrazioak. Pilotan hasten denari, edota beste edozein kiroletan hasten denari, disfrutatzeko esango nioke. Ez dut uste beste sekreturik dagoenik.
Xalton Zabala, Zazpi Iturri pilota elkarteko arduradun ohia eta Altunaren entrenatzaile ohia
Hamar urte eder bota ditugu zure kontura, eta jakin nahiko nuke hurrengo hamar urteak pilotan nolakoak izango diren; batez ere ikusita Labriteko fenomenoa bukatu daitekeela, Bilbon ikusten diren 'amerikanada' hauek, eta bestalde txapelketei ingelesezko izenak jartzeko moda.
Galdera ona. Berak ere badaki esaten dituen gauzak nik ere pentsatzen ditudala. Esaten da jende gaztea edo jende edadetuaren arteko kontua dela, eta ez zait iruditzen hortik doanik. Aldea dago, benetan pilota gustatzen zaion jendearen edo festara doan jendearen artean. Gauza bat da negozioa, gauza da 200 lagun gehiago joaten direla frontoira festa dagoen garaian, baina luzarora begiratuta, pilota zer izan den eta pilota zer izatea nahi dugun hausnartu behar dugula. Niri gustatzen zait frontoira joaterakoan seriotasun bat, festa frontoitik kanpo egitea. Eta Labriten dagoen giroa, edo partidetan musika topera egotea, ez zaizkit gustatzen, eta uste dut horri buelta eman behar zaiola. Xaltoni erantzun, pilota orain osasuntsu ikusten dudala, baina nahiko nukeela hemendik urte batzuetara ere horrela egotea. Denon artean horri buelta bat eman behar diogu: guk, enpresak, telebistak eta denok erabaki behar dugula pilotak zer norabide hartzea nahi dugun.
Beñat Gorostidi, laguna eta pilotaria
Pilotari izateari uzten diozunean, zertan ariko zara?
Ez dakit oraindik, dudak ditut nire barruan. Gustatuko litzaidake orain arte ikasi dudan guztia, eta ondo joan zaidana, balio izatea eta pilotari dagokion zeozerekin lan egitea. 28 urterekin oraindik ez dut argi ikusten; iruditzen zait pixkana lantzen joan beharko dudan gauza bat dela, eta sentitzen dudanean nondik jo, orduan erabakiko dudala. Saiatzen naiz buruari pixka bat bueltak ematen, baina ez dakit oraindik.
Gorka Altuna, lehengusua eta botileroa
Nik anekdota bat kontatuko dut. Gaur egun ni Jokin Altunaren botilero bezala ezagutzen naute, baina ez dakite orain hamar urte Joxan Tolosa Txapelketan zuk nire botilero lanak egin zenituela. Badugu pasarte grazioso bat: ni Aitor Arangurenen aurka 1-0 galtzen eta behatz potoloarekin justu-justu txapa gainean tanto egin, eta han etorri zinen abiadura batean pilotarik biziena atera behar genuela, pasa bilatzeko. Nik pilota zenbat eta motelagoa nahiago izaten nuen, eta pentsatu nuen hau pilotari azkarra bezala kontsideratuta dago, nik oraindik 15 urte nituen, eta kasu egingo diot.
Kontatu ezazu, sakea ateratzera joan eta zer gertatu zen.
Hori beti kontatzen dut. Sakea atera zuen eta Arangurenek sotamanoz errestatu eta buruz gain tanto egin zion zuzenean. Nik esaten nion kolpez ez nuela oso indartsu ikusten eta pilota biziagoa atera eta ea sakea urrutiago jartzen zuen. Berak, aldiz, kontrakoa esaten zidan. Ordudanik, beti hori gogorarazten dit, eta esaten dit nik ez dudala botilero bezala balio.