Jokin Altunak (Amezketa, 1996) hamar urte bete ditu profesionaletan debuta egin zuenetik. Lehen mailan hamabost final jokatu ditu hiru modalitateetan, eta zortzi txapel jantzi ahal izan ditu: lau eta erdian lau (2017, 2020, 2021 eta 2023), buruz burukoan hiru (2018, 2021 eta 2024), eta bat binakakoan (2022). Amezketarrak ez du pentsatzen zenbat txapel irabazteko gai izango den; hobetzea, saiatzea eta hurrengo txapela irabaztea da bere helburua.
Hamar urte hauetan zertan aldatu zara pilotari bezala?
Azkar pasa zaizkit. Pilotari bezala aldatu... Orain, 18 urterekin ikusten naizenean oso ume ikusten naiz. Iruditzen zait maila oso ona nuela 18 urte izateko, baina jokoaren alde askotan hobetu dut: bai defentsan, bai partidak aguantatzeko garaian, bai momentu zailak kudeatzeko garaian, eta erasoan ere bai. Nik uste dut, nik neuk eta beste pilotariek ere bai, 18tik nire adinera denok hobetu dugula.
Eta zertan aldatu zara pertsona bezala?
Lehen esandakotik, oso ume izatetik, ez dut oraindik esango gizon izatea, baina beste heldutasun bat dudala esango nuke. Gaitasun gehiago dut, bakarrik bizi naiz, eta nire gauzak egiteko-eta horrek lagundu egiten dit. Gogoratzen naiz 18 urtetik 23 bat urtetara gurasoen etxean bizi nintzela, etxean gauza gutxitan laguntzen nuela, egunerokotasunean bakarrik kirolean nengoela zentratuta, eta iritsi zen momentu bat pixka bat agobiatuta nengoela, eta nahi nuela beste gauza batzuetan garatu. Pertsona bezala askoz orekatuagoa naizela uste dut, eta horrek kirolera begira lagundu egiten dit.
2014ko ekainak 24a, Eibarko Astelena frontoia. Nola duzu gogoan zure debuta?
Egun oso polita. Lehenengo eguna, kantxara atera eta zure jendea, familia eta lagunak, denak han, eta gogoan dut oso urduri atera nintzela. Aldagelara joan, eta Titinekin, Barriolarekin, eta Tolosarekin egon nintzen. Gero gogoratzen naiz behin izerditan hasitakoan partida ona atera zela, eta ikustea Titin eta horien kontra jokatzen hasi eta nahiko ondo nenbilela, horrek indarra eman zidan, eta egun oso polita izan zen. Agian, ibilbideko politenetakoa.
Hori profesional mailari dagokionez, baina pilotan 5 urterekin hasi zinen.
Andoainen izan zen, eta gogoratzen naiz ni baino hiru urte gehiago zituen Egoitzekin jokatu nuela. Gogoan dut berarekin, Josebarekin, Gorkarekin, dezente ibiltzea tokatzen zitzaidala, eta oroitzapen onak ditut.
Ordu asko pasatakoa zara frontoian, txikitan.
Kirol ezberdin asko egiten nituen ume nintzela, bai futbola, bai pilota, bai erraketa, baina kasik frontoian egoten nintzen egunero. Eskola bukatzen genuenean, Larrunarri frontoira jaitsi, eta justu nire amak ondoan ematen zituen klaseak, eta frontoian entrenatzen nuen. Gero gora igo, ogitartekoa hartu eta ni baino zaharragoak zirenen entrenamenduak ikusten nituen. Nire egunerokotasuna horrelakoa zen. Orain ere asko etortzen naiz Larrunarrira, baina 7 urtetik debutatu nuen arte, kasik egunero etortzen nintzen.
«Zazpi urtetik debutatu arte, kasik egunero etortzen nintzen Larrunarri frontoira»
Profesionaletan ere jokatu duzu Larrunarrin. Zer suposatzen du horrek?
Zortzi bat partida-edo jokatuko nituen guztira. Festetako partidak, txapelketako pare bat partida ere bai, gero Ekaitz Saralegiren omenaldia. Pilotari ezberdinen kontra jokatu dut: Ekaitzen aurka, Juan Martinez de Irujoren aurka, Iñaki Artolaren aurka ere bai. Egun politak bizitu ditut herrian, eta bai bereziak direla; azkenean, lehen frontoia beteta zegoela ez nuen jokatzen, eta hona etortzen naizenean frontoia beteta jokatzen dut, eta egun bereziak dira. Kantxan ikusten duzun jendea zure ingurukoa da, eta bai da ezberdina hemen edo beste herrietan jokatzea.
Noiz pentsatu zenuen aukera zenuela profesional izateko?
Nik etapa nahiko zail bat pasatu nuen, 13 urtetik 14 urtera. Momentu horietan ez nuen pentsatu ere egiten horretan; besteak fisikoki ni baino indartsuagoak ziren, eta egurra jasotzen nuen. Baina gero ni ere hazi egin nintzen, maila ona ematen hasi nintzen, eta Aspek lehenengo aldiz nirekin kontaktatu zuenean 14 edo 15 urte izango nituen. Hor zure barruan sortzen da pentsamendu hori: niregana etortzen badira zerbaitengatik izango da. Hori gauza bat da, eta gero maila. Nik uste dut maila igo nuela erabat 16 urtetik 17ra, eta hor ikusten nuen gaitasuna profesional izateko; ez lehen mailara iristeko edo txapela irabazteko. Horretan pentsatu gabe, profesional izateko aukera ikusten nuen, eta nirekin kontatzen zutela ere bai, eta pixkana hasi nintzen ilusio hori egia bihurtzen.
Eta Aspe enpresatik deia jaso zenuenean, debuta egingo zenuela esanez, zer sentitu zenuen?
18 urte egin berritan Inaxio Errandoneak deitu zidan, eta kontatu zidan zer ideia zuten. Niri hasiera horretan beldur pixka bat sartu zitzaidan. Zu baino kirolari prestatuagoen aurka jokatzera zoaz, fisikoki oso pilotari indartsuen kontra, eta enpresari esan nion gustatzen zitzaidala ideia, baina pixka bat zaintzeko, konbinazioetan eta, oraindik oso ume ikusten nintzela. Bi hilabetera-edo hasi zitzaizkidan partida nagusietan jartzen. Lehenengo urte horietan, ez nik bakarrik, nire gurasoek-eta ere, beste errespetu batekin bizi genuen dena. Hasierako momentu horiek oso politak izan ziren.
Pilotari bezala zure izena Altuna III.a izatea aukeratu zenuen.
Nire bi osaba erremontean aritzen ziren. Txikitatik beraiekin momentu pila bat bizitu nituen. Galarreta eta euskal frontoietara asko joaten nintzen, ia astebururo Galarretara. Ez da beraien ibilbideari begiratzea bakarrik, betidanik asko lagundu didate, eta sentitzen nuen hori egin behar nuela. Gure familian, pilotari dagokionez, hirugarrena sentitzen naiz. Beraiek erremontean oso ibilbide polita egin zuten, aurretik ere pilotan ibili ziren, eta beraiei errekonozimendu hori egitea izan zen.
Eta noiz sentitu zenuen: lortu dut profesional izatea, baina hori ez da nahikoa, txapelen bila joango naiz.
Lehen mailako pilotaria nintzela sinistu nuen aurreneko binakako txapelketa ordezko bezala jokatzen hasi nintzenean. Hamar edo hamaika partida jokatu nituen onenen aurka, eta maila oso ona eman nuen, eta txapelketa horrek balio izan zidan lehen mailako pilotari izan nintekeela ikusteko. Bestalde, Iker Irribarriak nik baino lehenago atera zuen banakako txapela, eta gogoratzen naiz hor nenbilela, lehen mailan, baina buruan ez nuela, oraindik gaztea nintzenez, txapelik janztearena. Ikerrek irabazi zuen txapela, eta nire kintakoa zen, eta Iker gai bada, pentsatu nuen nik ere ahalko nuela. Handik lau edo bost hilabeteetara Lau eta Erdiko Txapelketaren finalera sartu nintzen, Oinatzen [Bengoetxea] aurka, eta justu-justu galdu nuen, baina final ederra izan zen. Hortik aurrera ez nuen imajinatzen bidea horrela izango zenik, eta oso gustura nago.
«Lehen mailako pilotaria nintzela sinistu nuen aurreneko binakako txapelketa ordezko bezala jokatzen hasi nintzenean»
Debuta egin eta urte berean, bigarren mailako Lau eta Erdiko finala Artolaren aurka.
Gogoan dut finalerdia Victorren aurka jokatu nuela, Iruñean. Orain baino askoz urduriago. Askotan uste da mailaren araberakoa dela urduritasun maila. Niretzako orduan dena berria zen; finalerdia zen eta a zer urduritasuna. Gero finaleko eguna ere nola bizitu nuen, aste hori polita izan zen. Iñakik erakutsi zuen ni baino koska bat gorago zegoela momentu hartan. Gero lehenengo ospakizuna izan zen herrian, oso gazte, jende pila bat, eta oso polita izan zen. Pixkanaka pauso txikiak ematen joan nintzen.
Debuta egin eta bi urtera, lehen mailako lehen finala. Lau eta erdian, Bengoetxearen aurka.
Lehenengoa galtzen duzunean, tanto batez galduta gainera, aukera eder bat galdu duzun sentsazio hori duzu barruan. Hurrengo urtean, bigarrengo finalean, Mikel Urrutikoetxearen aurka jokatu nuen, momentu horretan pilotari onena zena, eta bera zen faborito nagusia. Ligaxkan bere aurka 7an galdu nuen, eta gero finala ametsetakoa izan zen. 21na gindoazela pilota bati justu-justu eman nion, eta hor ikusten duzu zer alde txikia dagoen askotan txapeldun edo txapelik gabe etxera bueltatzeko. Final hori oso garrantzitsua izan zen niretzako.
Ematen zuen hori izango zela zure txapelketa, binakakoa ere, eta buruz burukoan aritzeko kolpea falta zitzaizula. Baina 22 urte zenituela, 2018an, buruz buruko txapela jantzi zenuen, gainera Olaizola II.aren aurka. Zer suposatu zuen horrek?
Dena berria izan zen. Txapelketa horretan gauzak ondo egin nahi nituen, baina gehiago enfokatuta nengoen nire hobekuntzan. Banekien indartu egin behar nuela banaka txapeldun ateratzeko. Neure buruari ere ikusten nizkion ezaugarriak txapeldun ateratzeko, baina partidetara joaten nintzen astean zehar gehiegi pentsatu gabe, oso lasai. Zaldi baten aurka irabazi, gero beste bat, beraiek faborito eta nik irabazi; finalerdia gogorra izan zen, eta gero finalean aurkitu nintzen eta berezia izan zen. Gainera, Aimar Olaizolaren aurka finala; aurreko belaunaldiko pilotari onena, Juanekin batera, eta bere kontra final hori irabaztea niretzat sekulakoa izan zen. Baina bai egin zitzaidala berria, eta asko ikasi nuen urte horretaz.
Eta binakako txapela ere iritsi zen, 2022an...
Banuen barruan zerbait, kezka ez nuen esango, baina... Ez pentsatzen nuelako binakako txapela hori izanik pilotari hobea izango nintzela, baizik eta ez nuelako erraza ikusten. Finalera sartu gabe nengoen oraindik. Hori izan zen lehenengo finala binakakoan, eta oso txapel garrantzitsua izan zen niretzako. Lortzen duzunean, konturatzen zara hiru txapel lortu dituzula hiru modalitatetan, baina ez zara atzera begira geratzen. Gauza gehiagotan hobetu nahi duzu, eta nire palmaresari begiratuta, txapel bat daukat binaka, eta aurtengoan justu-justu galdu genuen, baina orokorrean gehiago geratzen naiz urte guztian ematen dudan mailarekin, eta horrek gehiago betetzen nau.
Marka esanguratsuena izan daiteke, 2016tik hasita, final guztiak jokatu dituzula lau eta erdian?
Niretzat orain arte lortu dudan markarik handiena hori da. Lau eta erdian lau txapel lortu ditudala, baino gehiago begiratzen diot zortzi finaletara jarraian iritsi izanari. Gauzak ondo egiteaz gain, faktore asko daude: besteen joko momentua, zure minak, lesio txiki batekin txapelketatik kanpo geratu zaitezkeela... Eta egia esan latza da marka hori. Azkeneko lau eta erdikoa ez zen erraza izan; minez ibili nintzen eta asko sufritu nuen, eta gero txapeldun atera nintzen eta oso gustura nago. Bederatzigarrenaren bila joango gara.
«Niretzat orain arte lortu dudan markarik handiena lau eta erdiko azken zortzi finalak segidan jokatzea izan da»
Orain hamar urte norbaitek esan izan balizu profesionaletan dagoeneko hamabost final jokatuko zenituela, eta zortzi txapel izango zenituela, zer esango zenioke?
Imajinatu ere ez duzu egiten. Horretan pentsatzen ere ez zara jartzen, oso zaila ikusten duzulako. Iritsi badira da atzera begira ez naizelako geratu, eta beti txapelketaz txapelketa noalako. Orain hamar urte egin ditut, eta hamar urte egindakoan, bederatzi egindakoan edo zortzi urte egindakoan baino gehiago ari naiz begiratzen atzera, ikusteko nola izan den ibilbide hau orain arte. Ez zait gehiegi gustatzen ere horrekin geratzea, edo ditudan txapelekin geratzea. Iruditzen zait erabat uzten dudan garaian egingo dudala hori. Nahiago dut hurrengoarekin segi, bidea hori dela uste dudalako, eta ez zaizkidalako emaitza hobeak etorriko aurrekoak emaitza onak izan direlako. Ezin duzu erlaxatu: ikusten dut pilotari guztiek zenbat entrenatzen duten eta zenbat hobetzen duten, eta horretan segitu behar dut.
Olaizola II.ak 14 txapel, Irujok 13. Hain urruti daude orain?
Orain dela hamar urte baino gertuago. Baina beti esan dut, eta orain zortzi ditudalako ez dut kontrakorik esango: ez zait iruditzen pilotari bat beste bat baino hobea denik edo ez hain ona denik, txapel bat gehiago edo gutxiago edukitzeagatik. Lehenengo txapela irabazi nuenean, 21na, txokoan pilota bat ia ezinezkoa eman nuen eta etxera txapeldun iritsi nintzen. Aurreko urtean alderantziz izan zen. Biak irabazi ahal izan nituen, biak galdu, eta horregatik askoz pilotari hobea zara? Ez dut horrela ikusten. Gehiago zentratzen naiz hobetzen, nire esku dagoen guztia egiten, eta bai noski ilusioa egiten didala bi pilotari horietara gerturatzea, nire erreferente handiak izan direlako txikitatik. Baina, esandakoa, horrek ez dit lorik kentzen, eta gehiago hurrengo txapelketan zentratuta egongo naiz. Orain udara gogor bat izango dut aurretik, eta gero lau eta erdikoaren bila joango naiz.
Gorka Altuna lehengusua duzu botilero, Ekaitz Saralegi izan zenuen aurretik. Zer diozu beraien lanaz?
Ekaitzekin ezin egoteak sekulako mina eta pena eman zidan; berarekin oso gustura nengoen. Berak gero eta gehiago ezagutzen ninduen, eta elkar oso ondo ulertzen genuen. Nahiz kanpotik izan, orain ere beti aritzen zait laguntzen edo animoak ematen, edo nola nagoen galdetzen. Igual-igual segitzen du babesa ematen, nahiz eta barrutik ez izan. Eta Gorkarekin ere antzekoa esango nizun, nahiz eta lehen botilero ez izan, ia egunero hitz egiten nuen berarekin, gure egunerokotasunez eta baita pilotako kontuez, eta orain berari tokatzen ari zaio hor barruan egotea. Gero eta erosoago ikusten dut, eta berak ere ulertzen du geroz eta hobeto zer behar dudan edo zer esaten diodan. Oso gustura nago, eta niretzako botileroa oso beharrezko babesa da eta gainera oso garrantzitsua da berarekin konfiantza izatea.
Gertukoen, familiaren, lagunen, herritarren laguntza eta animoak zenbateraino dira garrantzitsuak?
Eskertuta nago oso. Badakit ez dela erraza azkenaldian nabilen erritmoan, denbora gutxian partida garrantzitsu asko, eta beraiek asko joaten dira frontoira, eta badakit gaur egun zer kostu duen: gasolinatik hasita, frontoiko sarrerak... Oso eskertuta nago, eta niretzako animoen aldetik sekulako babesa da. Baina gehienbat poza ematen didana da beraiek gustura ikustea. Nire kuadrillakoak ere ezberdin ikusten ditut orain; iruditzen zait partida garrantzitsu bat etortzen zenean, beraiek, ni bezalaxe, gehiago enfokatuta joaten zirela irabaztera edo galtzera, eta orain ikusten dut horrelako final bat datorrenean, gehiago hartzen dutela eguna opari bat bezala beraiek disfrutatzeko. Nahiz eta nik barruan irabazi nahi dudan, nire ingurukoak beste modu batera ikusteak, etxekoak ere bai, lagundu egiten dit. Nire etxekoek gehienbat baloratzen dutena da nik jartzen dudan ahalegina, zenbat saiatzen naizen, eta niri horrek sekulako indarra ematen dit.
Lepoko bat atera zenuen azken finala irabazi ondoren, eta musu eman zenion.
Gainean daramat. Arrebak oparitu zidan, udara eta gero, eta aurten ez nuen jantzi, eta Buruz Buruko Txapelketaren aurretik jarri nuen. Lehenengo partida zazpian galdu nuen, eta kontrakoa pentsatu genuen... Baina esan nuen ezetz, katearekin jarraituko nuela. Finalean arreba bertan zegoen, eta keinu hori egitea etorri zitzaidan burura. Bere eta nire izenen inizialekin egindako kate bat da, eta ilusioa egin zidan.
Zer eman dizu pilotak orain arte?
Ez bakarrik 18 urtetik hona, txikitatik ere, pilota niretzako bizitzeko modu bat da, bere inguruan jiratu du nire bizitzak. Eta errespetua diot pilota bukatuko den momentu horri. Txikitatik egunero altxatu naiz nire ilusio handiena frontoira etortzea zela, eta gaur egun, egunerokotasunean ere bai. Nire lana da baina baita nire pasioa ere. Hortaz aparte, ezagutu dudan jende pila, egin ditudan lagun pila... Pribilegiatua sentitzen naiz, jende asko ezagutu dudalako. Bai ematen didala erreparoa geroak; badakit moldatuko naizela, eta bilatuko dut zerbait motibatzen eta gustatzen zaidana; hori bai, pilota bezainbeste badakit zaila izango dela. Bizitzeko modu bat izan da orain arte eta oso eskertuta nago; txapelak gauza bat dira, eta bidea beste bat da. Kirolean ezagutzen dituzu gero bizitzan balio dizuten gauzak.
«Atzera begiratze horrek laguntzen dit kontziente izateko momentu bakoitza topera disfrutatu behar dudala»
Hemendik aurrera nola irudikatzen duzu zure ibilbidea pilotan?
Hamar urte beteta, pentsatzen jartzen naiz ere etorkizunera begira, eta hemendik beste hamar urtera pilotan ariko naizen pentsatzen dut. 38 urterekin gaur egun kirolean dagoen exijentzia mailarekin ez da erraza segitzea. Atzera begiratze horrek laguntzen dit kontziente izateko momentu bakoitza topera disfrutatu behar dudala, entrenamendu bakoitza... Orain udara datorrela ez pentsatzea txapelketak direla garrantzitsuenak; udaran asko gustatzen zait herri bakoitzera joatea eta herri horien goxotasuna sentitzea. Partida bakoitza disfrutatzea, partidaren aurreko momentu bakoitza, lagunekin aldagelan, partida eta gero aukera badugu planen bat egiteko, momentu txiki horiez guztiez disfrutatzea. Ederra litzateke 20 urte egitea profesionaletan, baina nahi dudana da hor segitzea, nire aldetik dagoen dena jartzea, eta saiatuko naiz ahalik eta lan onena egiten.
Motzean
Zure ibilbideko une ederrena?
Aurreneko txapela, Urrutik kanpora bota zuenean. Aurretik beti egoten zara pentsatzen nolakoa izango den, eta gero irabazten duzu, eta puf... Momentu horietaz gogoratzen naiz, sekulako zirrara sortzen dizu.
Eta momentu zailena?
COVID garaian. Ez genekien noiz hasi behar genuen, eta gero txapelketak publikorik gabe. Momentu zailena etxean, bi hilabete horietan ikaragarri entrenatzen, gero bagenekielako bi txapelketa zetozela. Pixka bat obsesionatu nintzen, eta Erik Jakaren aurka buruz buruko finala galdu nuenean, galtzeagatik baino partida guztian sekulako sufrikarioa pasa nuela dut gogoan. Gero horrek balio izan zidan profesional baten eskuetan jartzeko, barruan ere hurrengo egunetan nuen ezin hori zela eta.
Partida gogoangarriena?
Miguel Merinorekin jokatu nituen bi partida. Bat lehengo aldiz Aimarren kontra jokatu nuena, Logroñon, Aimar eta Mikel Beroizen aurka. Eta gogoangarriena, lehenengo aldiz Irujori irabazi niona txapelketako partida bat, Labriten, bera eta Barriolaren aurka. Juan lehen eta orain erreferente bat da, eta 18 urte nituela berari irabaztea sekulakoa izan zen.
Zure ezaugarri nagusiena pilotari bezala?
Kolpe handiena jasota ere, gaur egun nire ezaugarri handiena da gai ikusten naizela buelta emateko denbora gutxian. Lehen ez nintzen gai ikusten askotan. Hasieran, kolpe bat hartzen nuenean, bi edo hiru aste irauten zidan, eta jokoan segituan dezenteko beherakada sentitzen nuen. Orain ez zait hori gertatzen, eta uste dut nire ezaugarri handi bat dela.
Pilotari perfektua zure ustez?
Eskuina: Juan Martinez de Irujo.
Ezkerra: Iker Irribarria.
Burua: Aimar Olaizola.
Fisikoa: Dario.
Tantoak amaitzeko abilezia:
Oinatz Bengoetxea.