«Oroitzapen oso onak ditut. Uste dut gero eta horrelako egitasmo gehiago izan, umeentzako hobea dela», esan du Altunak. «Gu eskualdekoak izanik gainera, oraindik ilusio gehiago egiten dizu. Baditut oroitzapenak Albizturren, adibidez, eta finalak zeinen kontra jokatu nituen, eta nik kuadrillako batekin batera jokatu nuen, eta horregatik oso oroitzapen onak ditut, lagunekin jokatzen nuelako».
Altunak antolatzaileei eskertu die: «Txikitako oso oroitzapen onak ditut, eta orain ere ilusioa egiten dizu txapelketa egiten jarraitzen delako. Eskertu, beraz, aurretik lana egin zuten guztiei eta gaur egun egiten dutenei. Segi dezala aurrera, eta hemengo haurrek gero eta txapelketa gehiago izan, orduan eta hobea izango da». Atariak aurtengo topaketaren kamiseta oparitu dio Altunari, Oria Sport Wear enpresak eskainitakoa. Hain justu, gaur egun pilotari profesionalak janzten ditu Ibarrako enpresak.