Iban Gurrutxaga: «Saioa berezia da hainbat ikuspuntutatik»

Imanol Garcia Landa 2018ko aza. 16a, 08:00

Iban Gurrutxaga eta Etxe, kontzertu batean. GAIZKA PEÑAFIEL

Iban Gurrutxaga gitarra jotzaile amezketarrak Etxe musikariarekin batera kontzertu akustikoa eskainiko du gaur kultur etxean.

Amezketako Kultur Hamabostaldia bere azken txanpara iritsi da. Gaurkorako, gainera, kontzertu berezia antolatu dute: Iban Gurrutxaga herritarrak eta Iñaki Etxezarraga Etxek emanaldi akustikoa eskainiko dute kultur etxean.

Gurrutxaga gitarra jotzailea eta irakaslea da, eta, besteak beste, Etxeren taldean aritzen da. «Kontzertua berezia izango da niretzako hainbat ikuspuntutatik begiratuta», esan du Gurrutxagak. «Era profesional batean duela urte asko ez dudala kontzertu bat eman herrian, eta eskertzen da gonbita. Bestalde, berezia izango da azkeneko diskoa talde bezala egin dugulako, eta Amezketako kontzertua akustikoan izango delako».

Irailean kaleratu zuen Etxek bere azken diskoa, Supernova izenekoa, eta bertan parte hartu du Gurrutxagak, eta horren aurkezpena egiten ari dira azkenaldian. «Herriko kontzertuan azken disko horretako bost bat abesti joko ditugu. Horrez gain, Etxeren ibilbideari errepasotxo bat egingo diogu». Urte batzuk badaramatzate elkarrekin eta Gurrutxagak dio «gustu handia» dela Etxerekin aritzea.

Ekitaldiek ez dute etenik

Gaur bertan, kontzertua bukatu eta gero, talo jatea izango dute frontoian. DBH4ko ikasleek antolatzen dute, Gaztelekukoen laguntzarekin.

Bihar, IV. Ergoneko Festa ospatuko dute: pilotako finala (eguraldi txarra bada goiko frontoian jokatuko da), afaltzeko zahagi sagardoa egiteko aukera, eta ondoren erromeria.

Igandean bukatuko da Kultur Hamabostaldia, azokarekin. Hainbat postu jarriko dira plazan, eta eguraldi txarra eginez gero, Larrunarri frontoian egingo da. Eta, noski, Jokin Altuna pilotari amezketarraren finala ere gehitu da egitaraura. Autobusak aterako dira herritik Iruñean jokatuko den finala ikustera joateko. Herrian geratzen direnek tabernetan jarriko dute giroa.

Erlazionatuak

Hamabostaldi bihurtu da kultur eskaintza

Imanol Garcia Landa 2018 urr 31 Amezketa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!