Hamabostaldi bihurtu da kultur eskaintza

Imanol Garcia Landa 2018ko urr. 31a, 09:15

Azaroaren 5ean hasi eta azaroaren 18ko Peri Eguna bitarte, ia egunero ekitaldiak izango dituzte Amezketako Kultur Hamabostaldian.

Aurtengo kultur astea antolatzeko bileretan hasi zirenean, ideia bat eta beste bat atera ziren, eta azkenean bi aste osatu dituzte, eta antolakuntzan aritu den Imanol Artola felixek azaldu duenez, «ikusten genuen zilegi zela izena bera aldatzea, eta Amezketako Kultur Hamabostaldia deitzea. Aurten, behintzat, datorren urtean ikusiko dugu».

San Martin Egunaren inguruan egiten da kultur eskaintza Amezketan. «Udalak aurrekontu jakin bat izaten du, baina ideia gehiago ateratzen badira, aurrekontua handitu behar bada, aurten behintzat handitzeko eragozpenik ez dute izan», esan du Artolak. «Eta eskertzekoa da une honetan hainbeste ideia izan eta udalak horiek ekartzea ahalbideratzea». Abuztu bukaeran izaten diren herriko festen balantzea egitean, kultur astea antolatzeko lehen bilera egiteko aprobetxatzen dute.

Azaroaren 5etik hasi eta 18ra arte ia egunero antolatu dituzte ekitaldiak. Hain justu, libre geratu den azaroaren 9a, Euskaraldiaren aldeko kantu afaria egitekoak ziren Zazpi Itturri elkartean, eta azkenean azaroaren 30era atzeratu dute.

Egitarauari begiratuz, «nahiko anitza» dela dio Artolak: «Hasi dokumentaletatik pelikuletara, transexualitatearen gaia, bertsolaritza, antzerkia, kontzertuak..., nik uste dut gustu guztientzako badagoela. Ohituta gaude herri txikietan antzeko eskaintza izatekoa, eta aurten uste dut eskaintza zabala geratu dela».
 

EGITARAUA

Azaroak 5, astelehena

19:30. Katihotsak produkzioaren Ataun of the dead eta Joxean's hil eben euskarazko pelikulen emanaldia eta sortzaileekin solasaldia, kultur etxeko aretoan.

Azaroak 6, asteartea

19:30. Koldo Izagirreren Bertsoaren harria liburuan oinarrituta Pernando Amezketarrari buruzko hitzaldia, eta Bixente Gorostidi eta Amaia Agirreren bat-bateko bertso saioa.

Azaroak 7, asteazkena

19:30. Aralar, mundua leku den lurra dokumentalaren proiekzioa, kultur etxeko aretoan.

Azaroak 8, osteguna

19:30. Beasaingo Ostadar Dantza Taldeak XIX. mendeko jantzi zibilak hitzaldia eskainiko du.

Azaroak 10, larunbata

16:00. Ume-jolasak Larrunarri frontoian. Amezketako Gaztelekuko gazteek eskainia. Gero, txokolate jatea.

18:30. Josu Artolari, moto lehiaketatan egindako ibilbidea txalotzea eta aurrera begira bultzada, bideo emanaldiarekin, kultur etxean. Ondoren, triki poteoa. 21:00etan, autobusa Beartzaneko aparkalekuan, Zalbidera afaltzera joateko.

Azaroak 11, igandea

San Martin Eguna

11:30. Meza, San Martin ermitan. Jarraian, bertan, bertsolari eta trikitilariak giroa berotzeko.

14:00. Erretirodunen bazkaria Beartzana jatetxean, bertsolari eta trikitilariekin.

Azaroak 12, astelehena

19:30. Mattin Zeberioren 8 Yukon dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia, kultur etxeko aretoan.

Azaroak 13, asteartea

19:30. Hikiru etxeak ekoitzitako Trans-formatzen dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia, kultur etxean. Horrez gain, Chrysallis adin txikiko transexualen elkarteko kide baten testigantza ere jasoko da.

Azaroak 14, asteazkena

19:30. Tolosako Tik Tak antzerki taldearen Evaren alabak antzerki emanaldia. Amezketako hiru gunetan kokatuko dute, kultur etxeko aretoan hasita.

Azaroak 15, osteguna

19:00. Plazan, Euskaraldiako txapa jasotzea.

20:00. Bea Egizabalen Ttak antzezlana, kultur etxeko aretoan.

Azaroak 16, ostirala

19:30. Iñaki Etxezarraga Etxe eta Iban Gurrutxagaren kontzertu akustikoa, kultur etxeko aretoan.

20:30. Talo jatea, Larrunarri frontoian, DBH4ko ikasleek antolatuta, Gaztelekuko gazteen laguntza izango dute.

Azaroak 17, larunbata

IV. Ergoneko Festa

17:00. Frontoi zaharrean VI. Hiruterdiz-aurre Pilota Torneoko finala (eguraldi txarra bada goiko frontoian). Ondoren, poteoa.

20:30. Txoooootx! Altuna Anaiak frontoian. Jatekoa, nork berea eraman behar du. Parrila piztuko da.

Gero, Oharkabe taldearekin erromeria.

Azaroak 18, igandea

10:00. Peri Eguna.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!