Amezketako Plan Orokorraren aurrerakinen dokumentua, jendaurrean

Ataria 2018ko abuztuaren 11

Ekainean egin zuten aurrerakinaren aurkezpena, herriko kultur etxean. IMANOL GARCIA LANDA

Amezketako Udalbatzak, joan zen uztailaren 26ko ohiko bilkuran, Amezketako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aurrerakin dokumentua jendaurrean jartzeari buruzko onespena eman zuen, 2 hilabetez, eta ebazpen honen iragarkia abuztuaren 8an argitaratu da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.

Plan Orokorraren Aurrerakin dokumentua, udal web orrian ikus eta deskargatu daiteke, hirigintza arauak ataleko AHAPO loturan. Udaletxeko idazkaritzan ere paperean dago. Herritarrek, nahi izanez gero, iradokizunak eta alternatibak ere aurkez ditzakete Udaleko errejistroan idatzi bat aurkeztuz, bi hilabeteko epean.

Aurrerakin dokumentu honek azken hilabeteetan Partaidetza prozesuko hainbat bileratan amezketarrekin landutako edukiak jasotzen ditu, hirigintzaren ikuspegitik: etorkizuneko Amezketak izango dituen eremu desberdinak, garapen posibleak, ekipamentu publiko edo etxebizitzen kokapen berrien aukerak…

Aukera guztiei alternatibak deritzaie eta hurrengo hilabetetan alternatiben aukeraketa erabakiko du Udalak, jasotako iradokizun eta alternatiba desberdinak kontutan hartuta. Era berean, Plan Orokorreko hurrengo faserako balioko dituzten printzipio edo ildo nagusiak ere agertzen dira, etxebizitza, jarduera ekonomiko, landa eremu edo ekipamentu publikoei buruzkoak.

Bestetik, Aurrerakin dokumentu honek ingurumen-eraginen ebaluazioa egiten duen hasierako azterketa jasotzen du, aurkezten diren alternatiba desberdinak, ingurumenaren ikuspegitik, ebaluatzen dituena.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!