Aurrerakinarekin beste pauso bat eman du plan orokorrak

Imanol Garcia Landa 2018ko eka. 14a, 09:00
Aurreko ostiralean egin zen aurrerakinaren aurkezpena kultur etxean.

Idazketa taldeak aurrerakin agiriaren aurkezpena egin berri du, plan orokorraren lau alternatibak azalduz. Orain udalak onartu behar du agiria.

Amezketako hiri antolamendurako plan orokor berria osatzeko bidean –Amestu Amezketa izena jarri diotena–, aurrerakina aurkeztu zuen idazketa taldeak aurreko ostiralean. Agiri horrek bi atal garrantzitsu dituela azaldu du Eñaut Muñoa Astazaldi arkitektura estudioko eta plan orokorraren idazketa taldeko kideak: «Batetik, helburu eta irizpide orokorrak finkatzea, eta, bestetik, helburu horiek lortzeko antolaketa ezberdinak proposatzea». Bilera «arrakastatsua» izan zen, 45 pertsona inguru elkartu baitziren. «Harritu gintuen jende kopuruak», esan du Muñoak. «Dirudienez, proiektua herritarrengan interesa pizten ari da».

Bileran aurkeztu ziren aurrerakinak jasotzen dituen lau alternatibak. «0 izenekoa da egun indarrean dauden arau berriztatzaileek proposatzen duten bera. 1, 2 eta 3 alternatibak parte hartze prozesuan eta diagnostikoan jasotako informazioaren arabera moldatu dira», azaldu du Muñoak.

0 alternatibak udalerriaren antolaketa «oso homogeneoa» planteatzen duela dio Muñoak. «Herrigunea bideratzen du bizitegi erabilerara, beste batzuk industria erabilerara... Eremu bakoitzak kolore bakar bat dauka. Aldiz, beste alternatibetan saiatu gara eremuak kolore bakarrekoak izan beharrean, anitzak izaten, edo bi koloreen arteko konbinazioa izaten». Adibidez, eremu baterako 0 alternatiban bizitegi erabilera soila proposatzen bazen, beste jarduera ekonomikoetarako ere aukera izatea proposatzen dute beste alternatibetan. Esaterako, behe solairuko lokaletan, zerbitzuak edo bestelako negozioak irekitzeko aukera emanez. «3 alternatiba da gehien urruntzen dena hasierakotik, hori da erabilera eta kolore aniztasun gehiena duena», azaldu du Muñoak.

Alternatiba bakoitzak udalerri osoa hartzen du aintzat. Horrek ez du esan nahi alternatiba bat aukeratu behar dela, konbinazio bat ere eman daiteke horien artean. «Orain herritarren esku geratzen da agiria aztertu eta asimilatzea», zehaztu du Muñoak. Aurrerakinari buruzko aldizkaria atera da eta banatu zaie herritarrei. Horrez gain, agiria osotasunean udaletxean eskuragarri dago eta baita amestuamezketa.eus webgunean ere.

EKARPENAK EGITEKO AUKERA

Orain arte hainbat pauso eman dira plan orokorra osatzeko prozesuan. Hasieran, idazlan taldeak diagnosi bat egin zuen udalerriaren gaur egungo egoerari buruzkoa. Bertan sartzen ziren arlo sozioekonomikoa, ingurumena eta hirigintza. «Oso diagnosi teknikoa izan zen», zehaztu du Muñoak. «Behin hori eginda, diagnosi hori herritarrekin kontrastatu zen eta horretarako saio ezberdinak egin ziren, parte hartze prozesu baten bidez». Eta saio horietan herritarrek egindako ekarpenak bildu zituzten. Beraz, diagnosi tekniko hori, diagnosi partekatu batean bihurtu zen. Hortik abiatuta hasi ziren aurrerakin agiria idazten, eta hori izan zen ostiralean aurkeztu zutena.

Behin aurkezpena egin ondoren, aurrerakin agiria udalaren esku utzi da, eta aurreikusten da onespena ematea hil honetako osoko bilkuran. Gero agiri hori igorri behar da foru aldundira eta Eusko Jaurlaritzako hainbat sailetara. Bitarte horretan jendaurrean jartzen da, eta bi hilabeteko epea izango da ekarpenak egiteko.

Halere, ekarpenak egiten direnean hainbat arlo kontuan izan beharko dituzte idazketa taldekoek. «Udalaz gaindiko arauek baldintzatuko dute alternatiba horietan proposatzen diren gauzak egiteko aukera dagoen ala ez», esan du Muñoak. Eta ekarpen horiek guztiak jaso ondoren, irailera begira parte hartze saio batzuk antolatzeko asmoa dute idazketa taldekoek. «Saio horietan modu partekatuan jasoko ditugu herritarren lehentasunak». Bai aurrerakinari egindako ekarpenei zein parte hartze saioetan jasotakoei erantzunak ematen joango dira idazketa taldekoak. «Horrez gain galbahe ekonomikoa ere pasako zaie. Prozesutik atera daiteke azpiegitura bat egitea, baina hori ekonomikoki gauzatzeko bideragarritasuna duen aztertu beharko da», esan du Muñoak.

Bestalde, gaurko zein datorren ostegunerako saio monografiko bana antolatu dituzte herritarrei begira. Gaurkoaren gaia baserriak eta landagunea izango da eta hurrengo ostegunekoa etxebizitzak. Herritarrek beste leku batzuetan egin diren proiektuen berri jasoko dute, aurrerakina aztertzerakoan informazio gehiago edukitzeko.

SAIO MONOGRAFIKOAK

Ekainak 14, gaur

18:00. Baserriak eta landagunea izango da saioaren gaia, kultur etxean egingo dena. Leire Milikuak eta Gotzone Sestorainek hitz egingo dute. Leire Milikua baserrien huste prozesuak ekidin eta landalurren aktibaziotik abiatuta herrietan sor daitezkeen onura sozial, ekonomiko eta kulturalaz ariko da. Bestalde, Leitzako kontsumo taldeak abiatutako prozesuak eman dituen emaitzak azalduko ditu Gotzone Sestorainek. Bi aurkezpenen ostean mahai ingurua izango da Amezketan dauden eta abian jarri diren ekinbideen arteko lotura edota proiekzio aukerak eztabaidatzeko.

Ekainak 21, osteguna

18:00. Etxebizitza ereduak izango da gaia, eta saioa kultur etxean egingo da. Hiritik At elkarteko ordezkariak izango dira bertan, eta Errenterian Gazteentzat Etxebizitza Komunitarioa proiektuaren prozesutik abiatuta, eredu ezberdinen eztabaida zabaltzeko mahai ingurua osatuko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!