Altuna III vs. Olaizola II Finala 2018

«Olaizola II.aren aurka, finalaz disfrutatzen saiatuko naiz»

Asier Imaz 2018ko mai. 15a, 11:15

Euskal telebista, Euskadi Irratia eta gainontzeko komunikabideekin egon ondoren, igandeko partidaren ostean, TOLOSALDEKO ATARIA-rentzat tartea hartu zuen Jokin Altunak (Amezketa, 1996).

Latz sufrituta iritsi zara finalera.

Ikaragarri gogorra izan da partida. Aurreneko zatian nik gehiago sakatu dut; bigarrengoan berak. Min handia egin dit eta berak agindu du. Denetara jokatu behar da. Horrelako momentuetan sufritu egin behar da eta ahalik eta azkarren sakea berreskuratzen saiatu. Partida irabazita oso gustura nago; zeruan.

10-14an jokatu duzuen tantoan lehertuta amaitu duzu. Ondoren partidak ihes egingo zizula ematen zuen.

Partida bakoitzean izaten dira horrelako tanto klabeak. Aurreko bi partidetan nire alde erori ziren, eta izugarrizko aldea dago hurrengo tantoan sakea zuk eduki edo errestoan egon. Errestoan baldin bazaude berriro dena ematea tokatzen zaizu eta oraindik errekuperatu gabe zaude. Oso zaila da. Hor bere alde erori da, baina bukaeran sotamanoa kanpora bota duenean nire alde erori da.

Buruz buruko finala jokatuko duzu, eta Olaizola II.aren aurka. Benetan jabetzen al zara lortu duzunaz?

Ikaragarria da. Orain baino kontzienteago izango naiz hemendik denbora batera. Distantzia honetan hori lortzea oso zaila da. Batzuk 20 urterekin izugarrizko kolpea daukate, baina hori ez da normalena. Normalean denbora pixka bat gehiago behar izatea da. Hoberenak direnak denbora gehiago behar izan dute txapelketa honetan. Niretzat, beraz, finalean egotea izugarria da.

Olaizola II.a eta Juan Martinez de Irujo azken urte luzeetako erreferenteak izan dira esku pilotan. Irujoren aurka ez da posible, kantxan, baina Olaizola II.aren aurka jokatuko duzu.

Pena bat da. Izugarrizko ilusioa egingo zidakeen Juanen aurka jokatzeak. Handiena izan da, Aimar Olaizola bezala. Olaizola oraindik handiena da. Bere aurka jokatzea niretzat egundokoa da, eta finalaz disfrutatzen saiatuko naiz.

Erlazionatuak

Finaleko sarrerak agortu dira

Tolosaldeko Ataria 2018 mai 15 Amezketa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!