Saralegiren agurra

Ekaitz Saralegi amezketarrak ahaztuko ez duen eguna

Tolosaldeko Ataria 2015ko mar. 21a, 10:00

Gorriz markatua izango du gaurtik aurrera Ekaitz Saralegik martxoaren 21a. Eguerditik hasita, pilotari ohia, emozioz betetako eguna izaten ari da herritarren eskutik.

Ekaitz Saralegi amezketarrari pilotari ibilbidea bukatu zitzaion duela aste batzuk, eta herrian jokatuta azken partidaren ostean, egun osoko festa antolatua dute herrian.

Eguerdian hasi dira omenaldiarekin. Lehenik eta behin, herriko pilotaleku zaharrean elkartu dira, eta Ekaitzen emazteari eta semei opari bana eman ostean, Ekaitz Saralegi izena emango dion plaka bistaratu du Saralegik berak pilotaleku zaharrean. Ondoren, Bixente Gorostidi eta Unai Muñoa bertsolarien bertsoek eta herriko lagun taldearen aurreskua jaso ditu, esker moduan.

Jarraian, aterpea bilatuz, Larrunarri pilotalekuan sartu dira Ekaitz Saralegi bera elastiko gorriz jantzita. Besteak beste, herrikide duen Haritz eta beste lau pilotariren artean jokatu dute partida, bertsolariak botilero lanean aritu diren bitartean.

Bazkaltzeko 300dik gora pertsona elkartu dira pilotalekuan bertan. Eta arratsaldean ez da etenik izango. Egun osoko omenaldiak, opariak eta ezusteak izango ditu Saralegirentzako. 

Eguna bukatzeko berriz ere, mahaiaren bueltan elkartuko dira.

Emoziotik emoziora, Ekaitz Saralegik ahaztuko ez duen beste egun bat izango du gaurkoa.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!