Saralegiren agurra

Merezitako agurra Saralegiri

Jone Amonarriz 2015eko martxoaren 2a

Ekaitz Saralegik agur esan dio pilotari. Bere herriko pilotalekua jendez bete zen bere azken neurketa jarraitzeko, eta ondoren, omenaldia egin zioten.

Hamalau urteko ibilbideari agur esan dio Ekaitz Saralegik, Asegarcek kontratua ez berritzea erabaki eta gero. Atzo, merezitako omenaldia jaso zuen Amezketan, senide, lagun eta gainontzeko herritarren partetik.

"14 urte hauetan ez dut txapelik irabazi, baina pilotari maitatua izan naiz". Hitz horiekin, hunkituta, agurtu zuen amezketarrak jendez bete zen Larrunarri pilotalekua. Amezketako udalaren, Zazpi Iturri eta Intxurre pilota elkarteen, kuadrillaren, familiaren eta Asegarceren opariak ere jaso zituen.

Partida gutxienekoa izan zen: 22-21 irabazi zuten Saralegik eta Beginok, Altuna III.a eta Larunberen aurka. Azken sakearen aurretik iritsi zen arratsaldeko unerik ederrenetako bat, sakea egin baino lehen, Saralegi bere bi semeengana urbildu eta eskumuturrekoak eman zizkienean.

Hortik aurrera, festa izan zen nagusi, amezketarren eta pilotazaleen festa, pilotari handi bati merezitako agurra emateko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!