Saralegiren agurra

"Ea nik ekarri ez dudan txapela Altunak ekarri ahal duen"

Asier Imaz 2015ko mar. 2a, 20:25

Amezketarrak atzo esan zion agur pilota munduari, eta gaur Ataria Irratian bizitakoa errepasatu du: herritarrekin "zorra" besterik sentitzen ez duela dio.

Lo egin al zenuen igandean?
Bai, okerrago egin nuen lo larunbatean. Arazo batzuk izan ziren frontoian hezetasunarekin, eta horrekin arduratuta izan nintzen. Baina Udalari eta lagun bati esker, berogailuak ekarri zituen eta lurra sikatzea lortu zuten, eta jokatu ahal izan genuen.

Atzo arratsaldetik zer geratu zaizu buruan?
Izugarrizko eguna izan zen. Hasieratik frontoira sartu nintzenetik arkua egin zidaten, aurreskua dantzatu, frontoia jendez lepo zegoen... Une horretan ez nekien nora begiratu. Izugarrizko txalo zaparrada izan zen, eta oraindik belarrian irauten didanaren sentsazioa dut.

Eserita egoteko lekurik ez zegoen...
Alde horretatik maitatua sentitu naiz pilota munduan eta ikusi zen atzo. Kanpotik ere jende asko etorri zen. Banekien herritar ugari izango zirela. Aspaldian ikusi gabeko jendea ere joan zen.

Olatuarena ere egin zuten harmailetan. Ohartu zinen?
Bai, bai. Ikusi nuen, eta oihuak ere entzuten nituen. Azken finean partida gutxienekoa zen. Begiratzeko aukera banuen.

Semeei besokoak eman zenizkien unea hunkigarria izan zen.
Badakizu, azken urte hauetan moda hau sortu da, partida amaieran korrika horien bila joatekoa. Ez nuen nahi azken egunean inor borrokan hastea horregatik eta semeei ematea erabaki nuen.

Pilotari asko zegoen. Otxandorena ere bertan zen, berarekin egin zenuen debuta.
Batzuekin aspaldian egon gabe nintzen. Eskertzekoa da Otxandorena familiarekin gerturatu izana. Bete egiten zaitu horrek. Lagunak hor daude eta aurreratzean ere hor izango dira.

Beraiek zure umorea eta irribarreak ateratzeko duzun erraztasuna nabarmendu zuten.
Horrelakoxea naiz. Lagun giroan gustatzen zait umoretsu egotea. Gauza normala bezala ikusten dut. Saiatu izan naiz behintzat. Badirudi batzuei ailegatu zaiela. Aurrerantzean ere horrela jarraitzea espero dut.

Herrian lekukotza aldaketa datorrela esan zenuen.
Batik bat horregatik jokatu nahi nuen Jokinen aurka. 17 urteko diferentzia daukagu, eta zorionez gure herrian sekulako pilotaria daukagu. Ea nik ekarri ez dudan txapela berak ekartzeko aukera daukan. Gu Jokin ikustera joango gara, Amezketara eta beste lekuetara.

Amaieran sari ugari eman zizkizuten.
Ezustean harrapatu ninduten. Oso polita izan zen. Kuadrillakoek semeen koadroa eman zidatenean oso une polita izan zen. Herriari bihotz bihotzez eskertzen diot. Besterik ez daukat esateko. Lau t'erdiko partidetan eta gainontzekoetan babes asko eman didate herritarrek eta pilotazaleek. Barruan sartua nuen herrian bukatu behar nuela, zor niela, eta atzo ikusi zen. Zorra besterik ez dut sentitzen herritarrekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!