Amezketako etxe hutsen inguruko datuak aurkeztu zituzten herenegun. Alde batetik, udalaren izenean lanean aritu diren herritarrak egon ziren kultur etxean, eta bestetik, Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikariak. 20 lagun inguru elkartu ziren datuen aurkezpenean.
Jokin Artolak azaldu zituen datuak, eta ondorioetan, etxebizitza hutsen inguruko hausnarketa egin zuen: «Hauek ez badira betetzen, erabilera ez bazaie ematen, zahartzen joaten dira, eta hori jabeek ere ikusi dute. Amezketan alokairurako dagoen eskaria ikusita alde batetik, eta bestetik etxe hutsen kopurua, erantzun bat emateko aukerak daudela uste dugu».
Erantzun hori zein modutan izan daitekeen azaltzeko joan ziren Amezketara foru aldundiko kideak. Hauek, euren esku arten dituzten bideak azaldu zituzten, Alokabide eta agente homologatuen adibideak herritarrei azalduz. Jabearen eta alokairuan jartzera doanaren arteko bitartekariak izango lirateke hauek.
Etxebizitza hutsen inguruko parte hartze prozesua oraindik ez dela amaitu esan zuten udal ordezkariek. Orain, datuak eskuetan, bilera dinamikoekin hasiko direla esan zuen Artolak.
DATUAK
ETXEBIZITZAK
Etxebizitzak guztira. 411 etxebizitza ditu Amezketak.
Etxebizitza hutsak. 80 etxebizitza daude hutsik, hau da, %20a.
Alokairurako eskaintza. Hutsik dauden etxebizitzetatik sei, hau da, %7koa, alokatzeko aukera dago. Beste guztiak hutsik daude.
Ezin-bizi. Etxebizitza hutsetako %16 erortzeko arriskuan, egokitzeko aukerarik gabe edo arazo legalekin daude.
Egokiak. Etxebiztza hutsetatik %69 baldintza egokietan daude; bihar bertan joan eta bizitzeko moduan edo egokitzapen txiki baten faltan.
Ezezagunak. Etxebizitza hutsetako %15a zein baldintzetan dauden jakitea ez du lortu udalak.
HERRI GALDEKETA
Interesa. 23 erantzun. Aurrekoan egin zen galdeketa baino interesa gehiago piztu du galdeketa honek. Erantzun erdia baino gehiago 26-45 urte bitarteko herritarrenak izan dira.
Prestutasuna. Erantzuna eman dutenen %74ak etxebizitza alokairuan hartzeko prestutasuna dute, hau da, 15-16 herritar.
Lehentasuna. Galdeketa erantzun duten herritarren %91k etxebizitzen gaia udalarentzat lehentasunezkoa izan beharko lukela uste du.
Oharrak. Pisuak partekatzeko aukerak sustatzea, akordioetara iristeko erraztasunak jartzea... izan dira galdetegian jasotako oharretako batzuk.
JABEAK
Elkarrizketak. Zozketa bidez etxe hutsen hamar jabe aukeratu dira. Horietatik zortzirekin egin dituzte elkarrizketak. Batek ezezkoa esan du eta beste batekin ez da lortu hitz egitea.
Adina. Elkarrizketatutako jabeen erdia baino gehiago 60 urtetik gorakoa izan da eta %80 gizonezkoa.
Etorkizunari begira. Etxebizitza hutsa egokiturik dutenek ez dute asmo berezirik.
Etxe zaharrak. Etxe hauen kasuan zerbait egin nahi bai, baina, zalantza handiak adierazi dituzte: laguntza ekonomikoen kezka...
Alokairurako? Jarrera baikorra erdiek baino gutxixeagok adierazi dute, interesa azalduz.