Hellbona elkarteak ibilbidea amaituko du

Tolosaldeko Ataria

Abenduaren 12an agur esateko ekitaldia egingo dute Aljibean, Rboten eta Iratzarren, hainbat talderen kontzertuekin.

Amasa-Villabonako metalaren zaleek osatutako Hellbona elkarteak bere bideari amaiera emango dio. Sare sozialetan iragarri dute agur esateko ekitaldia antolatu dutela abenduaren 12rako. Aljibean eta Rbote eta Iratzar tabernetan kontzertuak egingo dituzte. 

«Urte zoragarriak izan dira, eta oso harro gaude egin dugunaz, bide honetan ezagutu ditugun pertsonez, eta kolaboratzaile gisa parte hartu dugun proiektu guztiez», esan dute gaur publiko egin duten ohar batean.

Bihotzez eskertu du elkarteak urte hauetan guztietan bidelagun izan dituztenak, partekatutako une eta esperientziengatik. «Zuek izan zarete gure ibilbidearen zati garrantzitsua, eta betiko gogoratuko ditugu bizi izan ditugun momentuak».

Urteetako esperientzia

Tolosaldean rocka eta heavy metala sustatzea izan da Hellbona elkartean bildu direnen helburua. Jaialdi handia antolatu izan dute urtero, urri inguruan, Villabonan. Aurtengoa egin gabe geratu da, ordea, udan iragarri zutenez, udaleko kultura sailarekin izandako «desadostasunak» medio.

Urtetan jaialdia antolatzen aritu ondoren, iazko maiatzean elkarte gisa eratu ziren. Ez dute bide luzea egin, ordea: elkarteko kideek erabaki dute iritsi dela amaiera emateko ordua.

Agur esateko ekitaldia ere antolatu dute abenduaren 12rako. Eguerdian abiatuko da festa, Iratzar tabernan, JM Atlantidarekin. Ondoren, 18:00etan, Oxida taldearen kontzertua izango da Aljibean, eta ordubete beranduago, Rbote tabernan, Apokhalipsis bandaren txanda izango da. Eguna borobiltzeko, Aljibean, 20:00etatik aurrera, Burni eta Vernita Grim taldeak ariko dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!