Urteak dira Villabonako metal zaleak elkartu eta Hellbona jaialdia antolatzen hasi zirela. Aurten, ordea, pauso bat gehiago ematea erabaki dute eta Hellbona elkartea osatu dute. «Hasiera batean lagun gutxi batzuk hasi ginen elkartzen kontzertuak antolatzeko, baina serioago hartzea erabaki dugu eta bilerak egiten hasi gara hamabost egunetik behin», kontatu dute elkarteko kideek.
Urriaren 3an egingo dute ekitaldi ofiziala Hellbona aurkezpena deitu diotena. Aljibean izango da, baina aurrerago jakinaraziko dute zein izango den egitaraua. Aurretik, ordea, beste kontzertu sorta bat antolatu dute. Larunbata honetan, Soa, Alerta eta Illusion taldeak izango dira, 22:00etatik aurrera, Aljibean. Dagoeneko sarrerak erosteko aukera dago Sahrijai kultur elkarteko webgunean, 10 euroren truke eta, egunean bertan erosiz gero, 12 eurotan izango dira salgai.
Hellbona bosgarren urtez
Hellbona metal jaialdiak aurten ere ez du hutsik egingo eta urriaren 11n ospatuko dute. Bosgarren edizioa izango da aurtengoa, eta guztira zortzi talde ariko dira bi oholtzen gainean. Berdura plazan, esaterako, Bourbon Kings, Itinerum, Izan bai eta Obego taldeak ariko dira, eta Ajibean, berriz, Knives, Ztah, Mutilated Judge eta Shallow Waters taldeak.
Talde guztiak euskaldunak direla zehaztu dute. Izan ere, Hellbona proiektuaren oinarrietako bat «euskararen aldeko apustua egitea da» eta horretan dabiltza elkarteko kideak. Horregatik, inguruko talde txiki eta euskaldunekin osatu dute aurtengo edizioko kartela.
Ohi moduan, sarrera doakoa izango da eta herritarrei gonbita zabaldu diete: «Urtetik urtera jende gehiago animatzen ari dela ikusten dugu baina jende gehiago etortzen bada guretzako hobe, izan ere, gure diru sarrerak egun horretako kontsumizioak izaten dira eta tartean babesleren batek laguntzen gaitu, baina beste edozein diru sarrerarik ez dugunez, oso zaila izaten da proiektu hau aurrera eramatea».
Emakumezkoen falta
Momentuz, 15 lagunek osatzen dute elkartea, denak gizonezkoak, baina emakumeen falta ere nabarmendu dute: «Jaialdian urtero izaten da emakumezkoen presentzia, baina oso gutxi, izan ere, inguru honetan ez dago heavy-rock euskaldun horretan dabiltzan emakumezko asko, eta guk parte hartzera animatu nahi ditugu», esan dute.