Hellbona jaialdiak ez du seigarren ediziorik izango, ez, behintzat, urriaren 10ean. Hala jakinarazi du rock eta heavy metal estiloko musika zaleak biltzen dituen jaialdia antolatzen duen Hellbona elkarteak. Mezu bat zabaldu dute sare sozialetan:
Ver esta publicación en Instagram
Mezu horretan eman dute erabakiaren berri, eta arrazoitu dute Amasa-Villabonako udaleko kultura sailarekin «desadostasunak» izan dituztela; «jasotako erantzunik eza» ere salatu dute. «Jaialdi bat behar bezala eta bermeekin antolatzeko ezinbestekoa da elkarlana, komunikazioa eta gutxieneko plangintza. Egoera honetan, ez ditugu baldintza egokiak ikusi aurtengo edizioa aurrera eramateko», azaldu dute.
Hellbona elkarteak gogorarazi du jaialdiaren helburua Tolosaldean rocka eta heavy metala sustatzea dela, eta, beraz, «erabakia ez da erraza izan». Hala ere, uste dute «erantzukizunez jokatzea dela biderik egokiena».
Amaitzeko, barkamena eskatu dute sortutako eragozpenengatik, eta adierazi dute elkartearen jardunarekin aurrera jarraituko dutela. Gainera, aurreratu dute etorkizunean bestelako ekimen eta jarduerak iragarriko dituztela.
Iaz sortu zuten Hellbona elkartea. Urteak ziren lagun talde bat Hellbona jaialdia antolatzen hasi zela, baina pauso bat ematea erabaki zuten.