Euskal Pentatloiaren kanporaketa ari dira jokatzen gaur arratsaldean Villabonako Erreboteko plazan. Guztira, hamalau kirolari ari dira lehian, eta seik bakarrik lortuko dute finalera sailkatzea. Antolatzaileek azaldu dutenez, aurten ere ez dute emakumezkoen txapelketa antolatzea lortu, eta, ondorioz, gizonezkoak izango dira lehiakide guztiak. Dena dela, lanean jarraitzeko borondatea azaldu dute, etorkizunean emakumezkoen txapelketa «errealitate bihurtzeko». Aurten txapelketako finala irailean jokatuko dute.
Parte hartzaileak bost modalitatetan ari dira indarrak neurtzen: 100 kiloko bola altxatzea, giza proba 400 kiloko harriarekin, aizkora lana, 50 kiloko txinga bana eramatea eta, azkenik, korrikako proba. Plazako lehian ari dira parte hartzen Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a, Xabat Olaizola, Beñat Telleria, Ioritz Gisasola, Benat Amade, Julen Kañamares, Jokin Urretabizkaia Basozabal, Iker Goldarazena, Iñigo Zabala, Jakes Iruretagoiena Izeta V.a, Jon Bengoetxea, Julen Odriozola, Mikel Marijuan eta Raul Zelaieta kirolariak.